Mundua -
Gerra Zibila Libian
Frantziako hegazkinek Gadafiren tropei eraso egin diete
- Espainiak lau F-18 bidali ditu, besteak beste.
- Pariseko goi-bileran "baliabide guztiak, militarrak barne erabiltzea" erabaki dute.
- Italiako baseak esku-hartzean parte hartzeko prest daude.
Erredakzioa
Hegazkinek hainbat tanke eta ibilgailu blindatu suntsitu dituztela baieztatu du Frantziako Defentsa Ministerioak. AlJazeeraren arabera, borrokarako lau tanke izan dira Frantziako hegazkinek Benghazi hiriaren hego-mendebaldean suntsitu dituztenak.
"Lehen helburua harrapatu eta suntsitu dugu", iragarri die kazetariei Laurent Teisseire Defentsako Ministerioaren bozeramaileak. Erasoa 17:45ean hasi da eta aliatuek NBEren 1.973 ebazpena betearazteko egiten duten lehena da. Prentsaurrekoan, Frantziako Armadako bozeramaileak operazioaren inguruko hainbat datu azaldu ditu: Benghazi hiriaren inguruan, erreboltarien gunean hain zuzen, 20 hegazkin dituzte 100 eta 150 kilometroko eremuan Gadafiren aldekoek aurrera egitea saihesteko.
Era berean, hegazkinak eramateko Charles de Gaulle ontzia Libiara abiatuko da igandean. Teisseirek azpimarratu duenez, Fadafiren kontrako nazioarteko operazioaren aginte nagusia oraindik osatu gabe dago.
Helburua: Herritarrak babestea
Hegazkinak Libiako eremuan hegaz daude zibilak erasoengandik babesteko, argitu du bozeramaileak. Gainera, beste hegazkin batzuk operazioan parte hartzeko prest daude, batez ere Libiako Armadako tankeak herritarrei eraso egiten dietela ikusten badute.
Frantziako bozeramaileak azaldu duenez, "operazioa Parisen bildutako herriekin batera" egingo dute, NBEko 1.973 erabakia betearazteko.
Espainiak baliabide militarrak bidali ditu
Espainiak aire-eremuaren itxieran parte hartuko duela iragarri du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak . Horretarako, zisterna-hegazkina eta eta lau F-18 bidali ditu aire-patruilak egiteko.
Espainiak ere Gadafiri egindako arma-blokeoa zainduko du F-100 fragata bat, itsaspeko bat eta itsas-zainketarako hegazkin bat erabilita.
Mendebaldeko herrialdeei mehatxu egin die Gadafik
"Libiako barne arazoetan sartzen badira, damutuko dira", ohartarazi die Gadafik Mendebaldeko herrialdeko buruei larunbat goizean. Horren hitzetan, edozein esku-hartze militar "etsaien bistako erasoa" izango da.
Barack Obama AEBetako presidenteari, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari, David Cameron lehen ministro britainiarrari eta Ban Ki moon NBEko idazkari nagusiari mehatxu egin die Libiako koronelak. Ibrahim Moussa Gobernuko bozeramaileak irakurri du Gadafaren mezua eta AlJazeerak eman du.
Armadak zibilen aurka tiro egin izana ukatu ostean, Gadafik NBEko ebazpena onartzen ez duela adierazi du.