Mundua -
Operazio militarra Libian
Aliatuek Gadafiren jauregi bateko eraikin bat suntsitu dute
- AEBek ukatu egin dute Gadafi hil nahi dutela.
- Gadafik Bengasirako "martxa berde" bat deitu du gaurko.
Erredakzioa
Indar aliatuek Muamar Gadafi Libiako diktadorearen jauregi bateko eraikin bat suntsitu dute Tripolin, aliantzaren ofizial batek CNN telebista-kate estatubatuarrari baieztatu dionez. Nolanahi ere, iturri horrek ukatu egin du erasoaren helburua Gadafi zela.
Nick Ronbertson CNNko berriemaile berezia jauregian izan da, Erregimenaren funtzionarioek gonbidatuta, kalteak gertutik ikusteko. Kazetariak esan duenez, eraikinean bi krater daude, misilez egindakoak, antza.
Gadafiren jauregi hori 1986an ere bonbardatu zuten AEBek, Roland Reagan presidente zela (1981-1989). Handik gertu, AEBen aurkako ikur bat dago, hots, urrezko estatua bat, esku bat hegazkin estatubatuar bat zanpatzen.
Bill Gortney AEBetako Itsas Armadako administratzaileordeak gezurtatu egin du bere herrialdeak erasoan parte hartu izana. "Gure helburua ez da Gadafiren jauregia, gure helburua ez da Gadafi", adierazi du Pentagonoan eskainitako prentsaurreko batean.
Horren ildotik, Robert Gates AEBetako Defentsa idazkariak nabarmendu du Libiako buruzagia hiltzea "burugabekeria" litzatekeela.
Gainerako operazioei dagokienez, Gortneyk azaldu du igandeko azken orduetan 124 Tomahawk misil jaurti dituztela AEBek eta Erresuma Batuak, erregimenaren aire defentsen aurka. Misrata herriko aerodromo bati ere eraso diotela aipatu du.
AEBetako funtzionario militarrak nabarmendu duenez, eraso horien ondorioz ez da zibilik hil.
Gadafiren aldeko martxa
Bestalde, Gadafik gaur Bengasirako "martxa berde" bat egitea eskatu die herrialde osoko jarraitzaileei. Gainera, eskuetan olibondo adarrak izateko dei egin du.
Jana Libiako agentzia ofizialak jakinarazi duenez, Bengasiko tribuek ere hartuko dute parte.