Mundua -
ERREFERENDUMA
Kubatarrek Konstituzio berria onartu dute erreferendumean, botoen % 86,8rekin
1976tik indarrean zen Konstituzioa berritzeari oniritzia eman diote. Ez da Kuban sistema politikoa aldatuko, ez diote komunismoari uko egingo, baina arlo ekonomikoan eta sozialean eragina izango du.
AGENTZIAK
Kuban Konstituzioa berritzeko igandean egin zen erreferendumaren behin-behineko emaitzak jakinarazi ditu Hauteskunde Batzordeak. Kubatarrek beren babesa eman diote Konstituzioari erreferendumean, botoen % 86,8rekin. Parte-hartzea % 84,4koa izan da.
Guztira, 7.848.343 pertsonak eman zuten botoa. Horietatik, % 86,6k alde bozkatu zuten, % 9k, kontra, eta gainerako % 4,1ek, ostera, boto zuria edo baliogabea.
Konstituzio berriak ez du Kubako egungo sistema politikoa aldatuko. Aurrerantzean ere, Kubako Alderdi Komunistak jarraituko du gizartea gidatuko duen indar nagusi modura eta komunismoa izango du helburu. Aitzitik, berrikuntzek arlo ekonomikoan eta sozialean izango dute eragina batez ere. Zehazki, Raul Castro Kubako presidente ohiak bere agintaldian (2008-2018) ezarritako erreformak jasoko ditu.
Miguel Diaz-Canel Kubako presidentea pozik eta harro mintzatu da kubatarrek erreferendumean izandako parte-hartzearekin.
"Gure herri heroiko, ausart eta sendoaz harro. Honelako herri batek garaipena merezi du beti. Zer nolako omenaldia nazioaren aita diren Martiri, Fideli eta Castrori", adierazi du Twitterren zabaldutako mezuan.