Mundua -

Atentatua Muqdishon

29 lagun hil eta 80 zauritu ditu bonba-kamioi eraso batek Somalian

Maka Almukrama hotelaren parean leherrarazi dute ibilgailua. Hotel horretan Somaliako Gobernuko langileek hartu ohi dute ostatu. Al Shabab talde jihadistak bere gain hartu du atentatua.

Atentatua Mogadiscion. Argazkia: EFE
29 lagun hil eta 80 zauritu ditu bonba-kamioi batekin egindako erasoak, Mogadiscion
Gutxienez 29 hildako Muqdishon, Al Shabaaben eraso batean

0:43

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 29 lagun hil eta 80 zauritu ditu Al Shabab talde jihadistak Muqdishon egindako atentatuan. Somaliako Poliziak jakitera eman duenez, erasoaren egileek bonba-kamioi bat leherrarazi dute Maka Almukrama hotelaren parean.

Abshir Isak polizia komandanteak zehaztu du Somaliako hiriburuaren erdialdean dagoen kale batean gertatu dela erasoa. Somaliako Gobernuko langileek hartu ohi dute ostatu Maka Almukrama hotelean.

Iturri horrek gaineratu du eztanda aipatu hotelaren sarreran jazo dela. Dirudienez, leherketa gertatu ostean, hotelera sartzen saiatu dira erasotzaileak, baina ez dute lortu eraikina erabat suntsituta geratu delako. Hori dela eta, alboko eraikin baten ezkutatu dira.

Leherketak kalte material handiak eragin ditu inguruko saltokietan, baita kale horretan aparkatuta zeuden ibilgailuetan ere. Geroago, tiro hotsak entzun dira, Muqdishoko komunikabideek argitu dutenez.

Segurtasun indarrak erasoa gertatu den lekura bertaratu dira, eta goizeko lehen ordura arte iraun duen operazioa abiatu dute. Oraindik, baina, ez dute ikerketa horretatik ateratako ondorioen berri eman.

Litekeena da biktima kopuruak gora egitea, ospitaleek eta Gobernuek ez baitute azken orduotan datu berririk eman.

Esan bezala, Al Shabab talde jihadistak bere gain hartu du atentatua, zenbait komunikabideren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak