Mundua -
Gerra zibila Libian
Libiako arma-blokeoa ontziekin kontrolatzea adostu du NATOk
- Operazio militarrean "zuzendaritza politiko" bat ezartzea proposatu du Frantziak.
- Bien bitartean, Gadafiren tropen eta matxinoen arteko borrokaldi latzek jarraitzen dute Ajdabiyan.
Erredakzioa
Libiari NBEko Segurtasun Kontseiluak onartutako arma-blokeoa aplikatzeko ontziak erabiltzea adostu dute gaur NATOko Estatu kideek, iturri diplomatikoek jakitera eman dutenez.
28 Estatu kideetako enbaxadoreek hartu dute erabakia NATOren Batzordean. Nazioarteko operazioan Aliantzak izan behar duen paperari buruz eztabaidatzen ari dira ordezkariak.
Iturri berdinen arabera, enbaxadoreek beste aukera batzuk eztabaidatzen jarraitzen dituzte, debekupeko aire-eremuan parte-hartze posiblea adibidez. Orain arte AEBek, Frantziak eta Britainia Handiak ezarri dute aire-eremua, beste herrialde batzuen laguntzarekin.
Bonbardaketak kritikatu dituzte zenbait Estatuk eta azken egunetan zatiketa eragin du horrek NATOn.
Bestalde, operazio militarrean "zuzendaritza politiko" bat ezartzea proposatu du Frantziak. Era berean, Estatu partehartzaileekin eta Arabiar Ligarekin bilerak egitea proposatu du Frantziak, Alain Juppe Atzerri ministroak gaur esan duenez.
Aire operazioen agintea NATOk hartu behar duela errepikatu dute AEBek, Britainia Handiak eta Italiak.
Libiara armak itsasoz helduko ez direla bermatuko dute NATOko ontziek gaurtik aurrera.
Borrokaldiak Ajdabiyan
Gadafiren tropek eta matxinoek borrokatzen jarraitzen dute Ajdabiyako hirian, Bengasitik 160 kilometrora, Al Yazira telebistak jakitera eman duenez.
Ke beltz zutabeen irudiak erakutsi ditu Qatarreko telebistak. Hiriko ekialdean borrokaldiak dira nagusi, berriemaileak Ajdabiyatik gertu jakitera eman duenez.
Bestalde, gutxienez hamar lagun hil dira Zintan hirian, Gadafiren indarrek egindako bonbardaketen ondorioz, bizilagun batek azaldu duenez.
Bonbardaketak
Muamar al Gadafi Libiako diktadorearen tropek eraso egiten jarraitzen dute gaur Misratan, hots, herrialdeko hirugarren herri garrantzitsuenean (Tripolitik 210 kilometrora), Sadon el Mehmeraty matxinoek herri horretan duen bozeramaileak jakinarazi duenez.
Bozeramailearen hitzetan, erasoa etengabea izaten ari da, eta tankeak eta misilak erabiltzen ari dira.
Astelehenean, egoera "oso larria" zela esan zuten matxinoek, argindarrik, urik eta erregairik ez dagoelako herrian.
Presioa Gadafiri
Abdel Elah al Jatib NBEko mezulariarekin bildu dira Libiako Kontseilu Nazional matxinoaren buruzagiak Tobruken, Libiako ekialdean. Su-etena aplikatu eta hiriak erasotzeari utz diezaion Gadafiren erregimena presionatzeko eskatu diote matxinoek Jatibi.
NBEk egindako eskaerak ez ditu bete Gadafik eta zibilen aurkako erasoak ez dira bukatu, Samuel Locklear almiranteak salatu duenez. Locklear AEBetako indarren komandantea da Libiako operazioan.