Mundua -

Gerra zibila Libian

Ajdabiya hiria kontrolpean dute Libiako matxinoek

Bengasiko hego-mendebaldetik 160 kilometrora dagoen hiri estrategiko honetan borrokaldi ankerrenak izaten ari dira. Matxinoen esanetan, hurrengo helburua Bregako hiria izango da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekialdeko sarrera bereganatu ostean, Ajdabiya hiri estrategikoa Libiako matxinoen kontrolpean dago, Mustafa Geriani matxinoen bozeramailea jakitera eman duenez. Izan ere, Gadafiren Armada bertatik erretiratu da.

"Gure esku dago dagoeneko Ajdabiya hiria", azaldu du Gerianik, "hala ere, oraindik kaleren bat garbitzeafalta zaigu". Gerianiren hitzetan, borrokaldi ankerrenak izaten ari dira Ajdabiyako kaleetan. Bengasiko hego-mendebaldetik 160 kilometrora dago Ajdabiya.

Atzo, ostiralean, hiri honen gunea kontrolatzen zuten Gadafiren brigaden aurkako erasoaldiak egin zituzten nazioarteko koalizioaren hegazkinek. Ondoren, atzoko arratsaldea hurrengo erasoa prestatzen aritu ziren matxinoak. Izan ere, Bengasitik Ajdabiyako inguruetatara tankeak eta armamentu handia eraman zituzten.

Al Jazeera kateak zabaldu duenez, matxinoek Gadafiren aldeko borrokalari asko atxilotu dituzte. Gainera, zehaztu gabeko soldaduak hil dira bertan.

Matxinoek jakitera eman dutenez, Ajdabiyako hiria menperatu ondoren mendebaldera joko dute. Izan ere, hurrengo helburua Brega hiria izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea