Mundua -
Alarma nuklearra Japonian
Erradiazio handiak 2. erreaktoreko nukleoan jarioa dagoela esan lezake
Fukushimako zentralaren egoera "oso larria" izaten jarraitzne duela onartu du IAEAk. Hildakoen kopurua 11.000tik gero eta gertuago dago.
Erredakzioa
Japoniako agintariak erreaktoreren bateko nukleoan jarioa egoteko beldur dira; izan ere, azken orduetan erradiazio maila oso handiak neurtu dituzte Fukushimako zentralaren inguruko uretan, eta 2. erreaktorean ere material erradiaktibo asko pilatzen ari da.
TEPCO Fukushimako zentraleko operadoreak barkamena eskatu du 2. erreaktorearen erradiazio maila ohikoa baino 10 milioi handiagoa zela adierazteagatik.
Sakae Muto bozeramaileak NHK telebista kateari baieztatu dioenez, erreaktorearen uran neurtutako erradiazio maila okerra da.
Hala ere, igande goizean egindako neurketa berretsui du; hau da, orduko 1.000 milisieverteko erradiazioa dago bertan.
Hideko Nishiyama agentziako bozeramaileak esan duenez, 2. erreaktorean antzemandako erradiazioa handia da eta "ziurrenik, jarioa izango da bertan".
NHK telebistak galdetutako adituen arabera, erradiazio handi horiek erreaktorearen nukleoan edota turbinetatik nukleora ura daramaten turbinetan kalteak izan direla esan nahiko luke.
IAEA: "Egoera oso larria da"
Tenperaturak eta erradiazioak behera egin du Fukushimako zentraleko hainbat sektoreetan, IAEAk zabaldutako azken txostenaren arabera. Hala ere, egoerak "oso larria" izaten jarraitzen du.
"Erreaktoreari eusteko ontzietan eta ezabapenerako ganberetan erradiazio mailak behera egiten jarraitzen du, 1, 2 eta 3 unitateetan. Lehenengo unitatetik laugarrenera ke zuria ateratzen jarraitzen du", adierazi du IAEAk komunikatu batean.
Lehenengo erreaktorearen ontzian presioaren igoera arina sumatu dute, baina 2.ean eta 3.ean egonkor jarraitzen du. IAEAren arabera, honek "presio-ontzietan zulo handirik ez dagoela esan nahi lezake".
Hala ere, 3. erreaktorearen ontzian dagoen ebakiak kezkatu egiten ditu. Ontzi horrek plutonioa dauka eta hori erradiazio handien iturria izan daitekeela uste dute. Erradiazio horien ondorioz, ostegunean bi langile ospitalera eraman behar izan zituzten.
Biktima kopuruak egora egin du
Martxoaren 11an izandako lurrikarak eta ondorengo tsunamiak 10.668 hildako eragin ditu dagoeneko. Gainera, 16.574 pertsona galduta daude oraindik, Poliziak jakitera emandakoaren arabera.
Horretaz gain, 240.000 pertsona errefuxiatuta daude 1.900 zentru ezberdinetan.
18.000 etxe guztiz suntsituta daude eta beste 130.000 kaltetuta daude, batez ere Japoniako iparekialdean.