Mundua -
Gerra Libian
NATOk bere gain hartuko du Libiako operazio guztien agintea
Italiak eta Alemaniak su-eten proposamen bat prestatzen ari dira, Gadafiren erbestea "aintzat" hartuz. Sirte eta Misrata hirietan, berriz, konbateak areagotzen doaz eta dagoeneko zortzi hildako daude.
Erredakzioa
NATOk Libiako operazio guztien agintea bere gain hartzea erabaki du. Ondorioz, herrialde horretan egiten diren operazio militar guztiak bere agintepean izango dira.
Akordioaren arabera, NATOk Nazio Batuen Elkarteko (NBE) Segurtasun Kontseiluaren 1.973 ebazpena betearazteko ardura izango du.
Orain arte, aire-eremua itxita mantentzeko zainketa lanak eta zibilak babestearena Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek sortutako nazioarteko koalizioaren esku egon dira.
Era berean, Italiak eta Alemaniak su-eten proposamena prestatzen ari direla zabaldu da. Proposamen horretan "bide humanitario iraunkor bat" ezartzea eskatu eta Muamar Gadafi erbesteratzeko aukera aintzat hartzen dute, Franco Frattini Italiako Kanpo Arazoetarako ministroak iragarritakoaren arabera.
Konbateak Sirten eta Misratan
Sirte hirian, Muamar Gadafiren sorterrian, bonbardaketak areagotu egin dira azken orduetan. Matxinoen asmoa hiria astelehenean hartzea da.
Matxinoak Ben Yauaden gelditu dira, Sirte eta Ras Lanuf petroliogunearen artean. Azken hiri hau igandean bertan hartu dute.
Gadafiren aldekoek, bestalde, Misrataren aurkako erasoari ekin diote. Misrata Libiako mendebaldean matxinoen eskuetan dagoen hiri bakarra da. Matxinoek adierazi dutenez, Armada tankeak, morteroak eta arma arinak erabiltzen ari da.&' || 'nbsp; Iturri ezberdinen arabera, Gobernuaren aldekoek zortzi pertsona hil eta 24 zauritu dituzte.
48 hildako eta 100 zauritu Ajdabiyan
Gutxienez 48 pertsona hil dira eta beste 100 zauritu azken 12 egunetan Ajdabiyan izandako konbateen ondorioz.
Osasun iturriek adierazitakoaren arabera, bertako ospitala setiatua zeukaten Gadafiren aldeko soldaduek eta horniduren sarrera blokeatu zuten. Hala ere, ez zuten osasun zentroaren kontrako erasorik egin.