Mundua -

Alarma nuklearra

Plutonio hondakinak aurkitu dituzte Fukushima-1 zentraleko lurzoruan

Fukushimako zentrala kudeatzen duen enpresak laguntza eskatu die sektoreko konpainia batzuei, erreaktorea kontrolatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fukushima-1 zentraleko enpresak eraikinaren lurzoruko hainbat puntutan plutonio hondakinak aurkitu dituztela onartu du gaur arratsaldean. Plutonio kantitate txikiak aurkitu ditu Tokio Electric Company (Tepco) konpainiak zentral nuklearraren lurretan, komunikabide lokalek gaur jakitera eman dutenez.

Frogak martxoaren 21ean eta 22an egin zituzten. 238, 239 eta 240 plutonio isotopoak topatu dituzte azterketetan.

Plutonio isotopoak bost tokitan aurkitu dituzte, 1 eta 2 erreaktoreetako tximinietatik 500 metrora. Lur kilo bakoitzeko 0.8 becquerel topatu dituzte.

Isuri erradiaktiboak izan direla ematen du, baina "gizakiei kalterik egingo ez" dietela ziurtatu du konpainiak.

Gobernua

Bestalde, Yukio Edano Japoniako Gobernuko bozeramaileak adierazi du Fukushimako zentral nuklearraren bigarren erreaktorean atzemandako erradiazio maila handia fusio partzial baten ondorio izan litekeela.

Edanok azaldu duenez, fusio hori behin-behinekoa izan da, baina ondorioz eraikinean dagoen ura kutsatu egin da eta horrek zaildu egin du larrialdi taldeen lana.

Bozeramaileak gogor kritikatu du TEPCO konpainia (zentralaren kudeatzailea) egiten ari den informazio-kudeaketa.

Halaber, zentraletik 20 kilometroko esparruan bizi direnei etxera ez itzultzeko eskatu die.

Bestalde, Eric Besson Frantziako Industria ministroak iragarri du TECPOk laguntza eskatu diela EDF eta Areva enpresa frantziarrei bigarren erreaktorearen egoera kontrolatu ahal izateko.

RTL katean eskainitako elkarrizketa batean, ministroak txalotu egin du Japoniako Gobernuak ere Frantziari laguntza eskatu izana.

Bessonen hitzetan, bigarren erreaktorean egoera "oso larria" da, zortzi egunetan TEPCOk ez baitu lortu "egonkortzea".

"Baliteke hurrengo orduetan albiste berriak izatea", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea