Mundua -

Hondamendi naturalak

Baliteke 1.000 hildakotik gora izatea Afrikan, Idai zikloiaren ondorioz

Beira Mozambikeko hiriaren % 90 suntsitu du zikloiak. Gainera, herrialde horretan "100.000 pertsona baino gehiago arriskuan daude", eta oraindik ezin izan dute behin betiko balantzea egin.

Beira Mozambikeko laugarren hiririk handiena, erabat suntsituta. Argazkia: EFE
Beira Mozambikeko laugarren hiririk handiena, erabat suntsituta
Beira Mozambikeko laugarren hiririk handiena, erabat suntsituta. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

200dik gora hildako zenbatu dituzte dagoeneko Afrikan, Idai zikloiak kontinenteko zenbait herrialde jo ostean, baina 1.000 baino gehiago izan daitezke, Filipe Nyusik Mozambikeko presidenteak atzo, astelehena, ohartarazi zuenez.

"Modu ofizialean, eta momentura arte, gutxienez 84 hildako zenbatu ditugu, Mozambiken, baina dirudienez 1.000 hildako baino gehiago egon daitezke", esan zuen Nyusik, zikloiak kaltetutako lurraldeetan egon ondoren.

Igandean, Myusik Sofala, Zambezia, Manica eta Tete airetik ikusteko aukera izan zuen eta, Mozambikeko irratitik zabaldutako mezu batean adierazi zuenez, "100.000 pertsona baino gehiago arriskuan daude", 1,1 milioi biztanle bizi diren gune batean.

Presidentearen esanetan, uholdeen ondorioz hainbat herri urpean geratu dira, eta beste batzuk inkomunikatuta daude.

Beira Mozambikeko laugarren hiririk handienaren % 90 suntsitu du zikloiak, Gurutze Gorriko Nazioarteko Federazioaren arabera.

Idai zikloiak Mozambiken utzitako suntsipena, airetik ikusita

Idai zikloiak Mozambiken utzitako suntsipena, airetik ikusita
Idai zikloiak Mozambiken utzitako suntsipena, airetik ikusita
Idai zikloiak Mozambiken utzitako suntsipena, airetik ikusita

1:31

"Egoera ikaragarria da, suntsipena oso handia izan da. Eremu horren % 90 inguru erabat suntsituta dagoela ematen du", esan zuen Jamie LeSueur aipatutako erakundeko ebaluazio taldeko zuzendariak, astelehenean zabaldutako ohar baten bidez.

Bestalde, Hegoafrikan mozketak izan dira argindarrean, zikloiaren ondorioz. Herrialde horrek, gainera, tropak bidali ditu Malaui eta Mozambikera, erreskate lanetan lagun dezaten.

Idai zikloia Mozambikeko kostara heldu zen, Zimbabwetik 300 bat km-ra, eta bere bidea jarraitu zuen Zimbabweko ekialdera ostiralean. Han, haize bortitzek eta euriteek ibaiek eta errekek gainezka egitea eragin dute, eta errepide sare nagusian kalte handiak izan dira.

Zikloiak hainbat soro eta baratz hondatu ditu, herrialde horietan uzta hartzeko prestatzen ari zirenean

Herrialde horretan 82 hildako zenbatu dituzte, baina baliteke kopuru horrek gora egitea, bilaketa eta erreskate lanek jarraitzen dutela, ZBC telebista kateak emandako informazioaren arabera.

Oraindik kopuru bateratuak eman ez dituzten arren, Mozambiken eta Zimbabwen 166 hildako zenbatu dituzte dagoeneko, eta beste 56 Malauin.

Zikloiak, era berean, hainbat soro eta baratz hondatu ditu, herrialde horietan uzta hartzeko prestatzen ari zirenean, beraz, ondorio larriak izan ditzake elikadurari dagokionez.

Idai zikloia herrialde horietan izan den handienetakoa zian da, baina iparralderago ere heldu da, esaterako Keniara. Hango meteorologia institutuak esan duenez, baliteke Idaik hango lehortea areagotzea.

NBEk eta horren agentziek 40,8 milioi dolar (36 milioi euro) eskatu dituzte laguntza humanitarioa helarazteko, baina oraindik ezin izan dute zehaztu hondamendi naturalak eragin dituen kalteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Sumendien erupzioek kaltetutakoak