Mundua -
Christchurcheko atentatua
Poliziak elkarrizketa egin zion 2017an Zeelanda Berriko sarraskiaren egileari
Agente batek akusatuari bisita egin zion eta haren etxea arakatu zuen armak izateko baimen eskaria aztertzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zeelanda Berriko Poliziak Brenton Tarranti, Christchurcheko bi meskitaren kontra izandako atentatuko ustezko egileari, elkarrizketa egin zion 2017an, armak izateko baimen eskaria aztertzeko.
"Garai hartako informazioaren arabera, agenteek jokabide zuzena izan zuten armak izateko baimen eskariaren harira", esan du Polizak agiri batean.
Agente batek Tarranten etxea bisitatu zuen, Dunedingo hirian, Christchurchetik 300 kilometrora. Atentatuan 50 hildako eta 48 zauritu izan ziren.
Bisita horretan poliziak elkarrizketa egin zion eta haren etxea miatu zuen.
"Armak izateko arauketak ezarritakoaren arabera, Zeelanda Berrian bizi diren bi pertsonaren erreferentzia izan behar du pertsona batek armen baimena lortzeko. Tarrantek bi erreferentzia horiek aurkeztu zituen eta pertsona horiekin elkarrizketatu zen agente bat", agiriak jasotzen duenez.
Tarrantek bost arma erdiautomatiko zituen; horiekin, martxoaren 15ean, Christchurcheko Al Noor eta Linwood meskitetan sarraskia egin zuen. Tarrant Zeelanda Berriko Auzitegi Nagusiaren aurrera eramango dute aprilaren 5ean.
Zeelanda Berriak estilo militarreko arma erdiautomatikoak eta eraso-fusilak debekatuko ditu, Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak ostegun honetan jakinarazi duenez.