Mundua -
Memoria
Ruandan genozidioaren 25. urteurrena oroitzeko astea hasi dute
Herrialde afrikarrak Frantziari leporatzen dio 800.000 hilketen zati handiena egin zuen hutu etniari lagundu izana.
agentziak | erredakzioa
Milaka eta milaka ruandarrek bat egingo dute gaur Kigaliko fubol estadioan, 800.000 hildako utzi zituen genozidioaren 25. urteurrena oroitzeko ekitaldian.
Paul Kagame Ruandako presidenteak lore eskaintza egingo du Gisoziko genozidioaren oroimen lekuan, hildako 250.000 lagunen gorpuak lurperatu zituzten tokian, hain zuzen ere.
Ondoren, presidenteak eta Jeanette Kagame bere emazteak "Memoriaren sugarra" piztuko dute, eta pizturik egongo da 100 egunez genozidioaren ostean ruandarrek erakutsi duten erresistentzia eta balioa irudikatzeko. Aurtengo oroimen ekitaldietan gazteekin lotutako gaiak jorratuko dituzte, bereziki gazteei historia erakusteak duen garrantzia azpimarratuko dute.
Arratsaldean, Ruandako Gobernuak bat egingo du Parlamentutik futbol estadiora herritarrek egingo duten "oroitzeko paseoarekin", eta estadioan kandelak piztuko dituzte.
Gutxienez 10 estatuburu espero dituzte estadioan, tartean Charles Michel Belgikako lehen ministroa, Patrice Talon Beningo presidentea, Ismail Omar Guelleh Djiboutiko presidentea, Ibrahim Boubacar Maliko presidentea, Mahamadou Issoufou Nigerreko presidentea eta Idriss Deby Itno Txadeko presidentea. Era berean, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea ere espero dute bertan.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, berriz, ez da bertan izango, eta Ruandako Gobernuak keinu itsusitzat hartu du hori. Izan ere, Ruandak Frantziari leporatzen dio 800.000 hilketen zati handiena egin zuen hutu etniari lagundu izana.