Mundua -

Gerra Boli Kostan

Gbagboren kontrako erasoaldia eten dute Ouattararen indarrek

Frantziak iragarri duenez, Gbagbok "hurrengo orduetan" emango du amore. Nazioarteko Justizia Auzitegiaren Fiskaltzak baieztatu duenez, herrialdean jazotako "hilketa masiboak" ikertuko ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laurent Gbagbo botere uztea errefusatzen duen agintariaren jauregiaren kontrako erasoaldia eten dute Alassane Ouattara Boli Kostako presidente hautetsiaren tropek, zonako lekukoek baieztatu dutenez.

APA Afrikako albiste-agentziak jakitera eman dutenez, Gbagboren jarraitzaileek erasoaldiari aurre egin diote eta garaipena ospatzen ari dira. Bitartean, Ouattararen aldeko indarrek ez dute erasoaren etenaldiari buruz informaziorik eman. Gbagboren indarren bertsioa berretsi dute Mendebaldeko iturri militarrek, Reuters albiste-agentziak jakinarazi duenez.

Gbagbok "hurrengo orduetan" eman lezake amore

Hala ere, Edouard Guillaud Frantziako Estatu Nagusiko buruak esan du Gbagbok amore emango duela "hurrengo orduetan", hark agintea uztea errefusatu badu ere.

"Gbagbo negoziatzen ari da, baina uko egin dio agintea emateari", esan du "Europe 1" irrati-katean eskainitako elkarrizketa batean. Halaber, agintaria erbesteratzea "posible" dela erantsi du.

Militar frantziarren esanetan, "NBEk eskatzen badu", baliteke Frantziak berriz erasotzea Gbagboren instalazioak, aste hasieran egin bezala.

Boli Kosta Frantziako kolonia izan zen, eta Parisek bikoiztu egin du herrialde horretan duen soldadu kopurua (900etik 1.600era).

"Hilketa masiboen" ikerkuntza Herrialdean ustez izandako "hilketa masiboei" buruzko ikerkuntza abian jartzeko asmoa azaldu Nazioarteko Justizia Auzitegiaren Fiskaltzak. "Boli Kostako mendebaldean jazotako hilketak" direla eta bere kezka adierazi du honek. Izan ere, hasierako informazioa biltzen hasi da dagoeneko.

2002 eta 2005 urteen artean izandako krimenak hasi ziren ikertzen duela hilabete batzuk Auzitegi honen fiskaltzek. Hala ere, orain arte ez dute ezagutzera eman ikerkuntzak gaur egun izandako ustezko krimenak ere hartzen dituela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea