Mundua -

FRANTZIA

Parisko Notre Dameko sutea itzalita dago, suhiltzaileen esanetan

Gabriel Plus Parisko suhiltzaileen bozeramaileak esan duenez, 'guztiz' amatatu dituzte garrak, baina baliteke 'fokuren bat' izatea oraindik.

Suhiltzaileak Notre Dameko katedralaren barruan. Argazkia: EFE
Suhiltzaileak Notre Dameko katedralaren barruan
Parisko Notre Dame katedraleko sutea itzalita dago

1:10

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parisko Notre Dame katedralean atzo piztutako sutea "guztiz" itzali dute suhiltzaileek, Gabriel Plus suhiltzaileen bozeramailearen esanetan. Alabaina, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan aitortu duenez, baliteke oraindik "fokuren bat" izatea, eta, hori dela eta, teilatuaren hondarrak zaintzen jarraituko dute.

Horren arabera, 100 bat suhiltzaile geratuko dira bertan, oraindik aktibo egon daitezkeen "fokuak" berriro piztea saihesteko. Horrez gain, atzokoan atera ezin izan zituzten artelan batzuk ateratzen saiatuko dira. Sua itzaltzeko lanetan bi polizia eta suhiltzaile bat zauritu direla ere jakinarazi du Plusek.

Sutearen ondorioz, teilatua eta erdiko orratza behera erori dira. Suhiltzaileen kalkuluen arabera, teilatuaren 1.000 metro koadro kiskali ditu suak.

Katedralaren fatxada eta bi dorreak salbatzea zuten helburu suhiltzaileek, eta baita lortu ere. Ikusteko dago egiturak sutearen kalteak jasaten dituen ala ez.

Bestalde, kazetarien aurrean egindako agerraldi inprobisatu batean Laurent Nuñez Estatu idazkariak azpimarratu duenez, "orain eraikina dago auzitan, ea egiturak nola irauten duen".

Sutearen jatorriari buruz galdetuta, sua nola piztu zen oraindik ez dakitela eta ikertzen ari direla nabarmendu du Nuñezek.

Berreraikitzea

Notre Dame katedrala berreraikitzeko dirua biltzeko kanpaina abiatuko dute gaur, Frantzian zein nazioartean. Luxuzko objektuak saltzen dituen Arnault familiaren Louis Vuitton enpresa taldeak dagoeneko iragarri du 200 milioi euro bideratuko dituela berreraikitze lanetarako.

Anne Hidalgo Parisko alkateak emaileen nazioarteko konferentzia bat egitea proposatu du, dirua biltzeko.

Bestalde, Valerie Pecresse Ile de France eskualdeko presidenteak aurreratu duenez, larrialdi kasuetarako laguntza funtsetik hamar milioi euro desblokeatuko ditu berreraikitze lanetarako.

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak eskaera egin die Europar Batasuneko gobernuei, Notre Dame katedrala berreraikitzeko lanetan beren ekarpena egin dezaten. "Estrasburgotik, Europar Batasuneko Frantziako hiriburutik, (berreraikitze) lanetan parte hartzeko dei egiten diet 28 herrialdeei. Badakit Frantziak bakarrik egin dezakeela, baina laguntza materiala ematea baino zerbait gehiago da", azaldu du Tuskek Europako Parlamentuan.

Halaber, Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak kutxa bat jarri du hemizikloaren kanpoaldean, nahi duenak dohaintza egin dezan. Horrez gain, egun bateko lanagatik europarlamentariei dagokien dieta (320 eurokoa) emateko gonbidapena egin die politikari italiarrak lankideei.

Notre Dameko teilatuaren bi herenak erre dira

Notre Dame katedralaren teilatuaren bi herenak erre dira sutean, Franck Riester Frantziako Kultura ministroak astearte honetan emandako datuen arabera. Horren esanetan, sua berriro ez piztea da orain lehentasuna.

"Oraindik ordu batzuk beharko dira azpiegiturak izan dituen kalteak ezagutzeko", iragarri du France Info irrati-kateari eskainitako elkarrizketan.

Ministroaren hitzetan, ez dirudi auzi kriminala denik, eta, dirudienez, sua aldamioak dauden tokian piztu zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Zer gertatu da Parisen? Suteak bideoak Frantzia bideoak Eguneko albisteak Osasun albisteak gaur Suhiltzaileak azken ordukoa