Mundua -

Premiazko negoziaketa

Obama kolapso publikoa saihesteko akordio bat negoziatzen ari da

2011ko aurrekontuen inguruan akordio bat lortu behar dute demokratek eta errepublikanoek asteburua baino lehen, orduan Gobernuaren blokeoa gertatuko litzatekeelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Washingtongo buruzagi politikoek harremanak areagotu dituzte gaur 2011ko aurrekontuen inguruan akordio bat lortu nahian. Aurkeztutako aurrekontuei betoa jarri zien Alderdi Errepublikanoak Ordezkarien Ganberan.

Aurrekontuen inguruan akordio bat lortu behar dute demokratek eta errepublikanoek asteburua baino lehen, orduan Gobernuaren blokeoa gertatuko litzatekeelako. Era berean, ekintza publikoak geldiaraziko lituzke desadostasunak.

Harry Reid Senatuko Alderdi Demokrataren buruzagia ez da "oso baikor" agertu alderdikideekin bildu eta gero. Reid John Boehner Ordezkarien Ganberako presidentearekin eta Barack Obama AEBetako presidentearekin bildu da.

Bilerek jarraituko dute

Etxe Zurian egindako bileraren ostean Reidek eta Boehnerrek agerraldia egin eta akordiorik ez dela izan baieztatu dute, baina harremanetan jarraituko dutela erantsi dute.

Bi buruzagiek jarrera adostailea azaldu dute, baina azken egunetan bi aldeek errua bota diete elkarri, prozesua oztopatzen ari direla egotzita.

Zifra ezberdinen inguruko akordio orokor bat lortu dutela esan dute demokratek, baina errepublikanoek zenbait partidetan oztopoak jarri dituztela salatu du Reidek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea