Mundua -

Egipto

Mubarak eta bere bi semeak atxilotu ditu Egiptoko poliziak

Sharm el Sheijeko ospitalean atxilotu dute Egiptoko presidente ohia; atzotik han ingresatuta dago bihotz-arazoak tarteko, eta erietxe kanpoan armadaren helikoptero bat zain dauka Kairora eramateko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mubarak Sharm el Sheijeko ospitalean dago atxilotuta, atzotik bertan baitago galdeketa batean sortutako bihotz-arazoak tarteko. Edozein kasutan, Al Yazzera telebista katearen azken orduko informazioen arabera, gaur (asteazkena) armadaren helikoptero batek lur hartu du erietxearen inguruan Mubarak Kairora eramateko asmoz.

Bi semeak, berriz, poliziaren zaintzapean daude, Kairoko espetxe batera eramateko zain. Polizia iturriek adierazi dutenez, segurtasun kontuengatik, ez dute publiko egingo Alaa eta Gamal Torako espetxera eramango dituzten ordua.

Espetxe horretan lehengo gobernuko hainbat kide daude dagoeneko. Ahmed Nazif Egiptoko Lehen ministro ohia, Habib el Adli Barne ministroa eta Mohamed Zuhair Garana Turismo ministroa dira, egun, espetxean dauden lehengo gobernu kideetako batzuk; ikerketak amaitu arte egongo omen dira ziegetan.

Guztiek ustelkeria, diruaren erabilera txarra eta bidegabe aberastea dira guztiek aurre egingo dien akusazioetako batzuk. Gaur goizean, poliziak Mubarak eta bere bi semeak atxilotu ditu 15 egunetarako.

Mubarakek boterea kaleko matxinadak zirela eta otsailaren 11n utzi zuenetik, Sharm el Sheij herrian dago, Sinaí penintsulan. Atzo galdeketa egin zioten presidente ohiari herri horretako erietxe batean, ingresatuta baitago atzo egin zioten galdeketa batean sortu zitzaizkion bihotz arazoen ondorioz.

Boterea utzi zuenetik igorritako lehen mezu publikoa iragan igandean zabaldu zen, eta Mubarakek ukatu egin zuen Egiptotik kanpo banku-kontuak dituela. Era berean, bere "historia politiko eta militarra" zikindu nahi dutenak kritikatu zituen.

Mezua igorri eta gutxira presidente ohia eta bere bi semeak galdekatzeko Fiskaltza Orokorrak emandako agindua publiko egin zen; protestetan manifestariak erasotzea, boterearen abusua eta onura ekonomikoak izatea dira beren gain dituzten akusazioetako batzuk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea