Mundua -
Hiriko 20. barrutian
Bost pertsona hil dira eta sei larri zauritu Parisen, sute batean
Sugarretatik ihes egiteko euren burua leihotik behera botata hil dira horietako lau.
Erredakzioa
Bost pertsona hil dira, eta beste sei larri zauritu, Pariseko eraikin batean gertatutako sutearen ondorioz, larrialdietako zerbitzuek jakitera eman dutenez. Oraindik ez dago argi sutea nola sortu den.
Hildakoetatik lau, sugarretatik ihesi, euren burua leihotik behera botata hil dira. Bosgarrena, berriz, kiskalita aurkitu dute.
Sutea 03:00ak aldera gertatu da, ''Labyrinth Estate'' konplexuko eraikin baten beheko solairuan, Menilmontant auzoan, Pariseko iparraldean. Bost pertsona hiltzeaz gain, 42 pertsona zauritu dira; horietako sei, larri.
300 suhiltzaile joan dira sutea izan den tokira, eta bi ordu behar izan dituzte sua menderatzeko.