Mundua -
Errusia
41 pertsona hil dira Moskuko aireportuan hegazkin batek su hartuta
Dirudienez, aireportutik atera berria zen hegazkina, baina arazo baten ondorioz, itzuli eta lur hartzen saiatu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
41 pertsona hil dira Moskuko Sheremetievo nazioarteko aireportuan Sujoi Superjet 100 hegazkin batek su hartu ostean.
Larrialdietarako zerbitzuek jakitera eman dutenez, hegazkina Moskuko aireportutik irten berria zen eta, handik minutu gutxira, arazo baten berri eman du. Orduan, berriro aireportuan lur hartzen saiatu denean, pistaren aurka talka egin eta su hartu du.
Aeroflot konpainiako hegazkinean 78 bidaiari zihoazen, Murmansk hirira, Errusiako ipar-mendebaldera.
Fiskaltzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Errusiako Osasun Ministerioaren arabera, 41 dira hildakoak. Ospitaletan "34 bidaiari eta tripulazioko lau kide" artatu dituztela zehaztu du.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak doluminak eman dizkie biktimen senitartekoei eta behar duten laguntza emateko prest agertu da.
Lehen datuen arabera, istripuaren arrazoi nagusia honakoa da: tximista batek aparatua jo du, eta horren ondorioz, ontziko aparatuak hondatu egin dira.