Mundua -
Muturreko islamiarrek bahituta
Hilda aurkitu dute Gazan bahitutako ekintzaile italiarra
Vittorio Arrigori italiarra atzo goizean bahitu zuen islamiar salafista talde batek eta Gazako Shifa erietxeko gorputegi batean aurkitu dute hilotza gaur goizaldean.
Erredakzioa
Gazako talde islamiar salafista baten eskuetan atzotik bahituta zegoen Vittorio Arrigoni ekintzaile italiarraren gorpua gaur goizaldean aurkitu dute, Italiako Kanpo Gaietarako Ministeriotik komunikatu baten bitartez azaldu dutenez.
Italiako ministerioak Jerusalengo kontsulatuaren iturriak aipatuz azaldu du, ekintzailearen gorpua Gazako Shifa erietxeko gorputegi batean zegoela.
"Senitartekoei doluminak eman nahi dizkiegu eta hilketa basati honen aurrean sentitzen dugun atsekabe ikaragarria adierazi; Atzerri Ministerioak gaitzespen irmoa adierazi nahi du, bizitzaren aurrean indarkeria keinu irrazionala duten muturreko taldeen aurrean", Italiako ministeriotik bidaliko komunikatuak.
Gaineratzen duenez, ekintza hori "gune horretan denbora zeraman errugabe baten aurkakoa izan da; Gazako mugan bizi diren palestinarren egoera gertutik jarraitu du eta konpromiso pertsonal handia zuen".
Italiako komunikabideek diotenaren arabera, Arrigoniren hilotza Gazako apartamentu batean aurkitu zuten; Hamasen miliziarrek eta bahitzaileek, beraz, ez dute errespetatu gaur (ostirala) arratsaldeko laurak arte ezarritako ultimatuma.
Youtuben jarritako bideo batean ekintzaile Italiarra begiak estalita eta indarkeria zantzuekin agertzen zen. Bertan, bahiketa bere gain hartu zuen muturreko taldeak bere kideak kartzeletatik ateratzea eskatzen zuen Gazako mugan gobernatzen duen Hamas mugimendu islamiarrari.
Italiako komunikabideek diotenez, Gazako poliziak bahiketarekin zerikusia dutelakoan bi lagun atxilotu ditu eta hirugarren baten atzetik omen dabil.
Arrigoni Gazara duela ia urtebete iritsi zen franjara ailegatutako itsasontzi solidarioetako batean.