Mundua -
Datorren astetik hasita
Guatemalak 'nutrizio arriskua' deklaratuko du gosetearen ondorioz
Ikerketa baten arabera, martxora arte 808.137 pertsona zenbatu dituzte desnutrizio kronikoak jota.
Erredakzioa
Guatemalako Gobernuak "nutrizio arriskua" deklaratuko du datorren astean milioika herritarrek duten desnutrizio maila handiari aurre egiteko, bertako prentsak adierazi duenez.
Prensa Libre egunkariak dioenez, Elikaduraren eta Nutrizioaren Segurtasunerako Kontseilu Nazionalak (Conasan) erabakia iragan ostiralean hartu zuen. Kontseilua Rafael Espada presidenteordeak koordinatzen du.
"Plana epe luzera eginda dago eta arazoa bere sakonera osoan konpontzen duten politikak sortzea nahi dugu", adierazi du presidenteordeak.
Iragan astean, G-4ak (Giza Eskubideen Prokuradoretzak, Eliza katolikoak eta ebangelikoak eta San Carlos Unibertsitateak osatutako erakundea) kritikatu egin zuen Gobernuak desnutrizioaren kontra ustez erakutsitako interes falta eta "nutrizio arriskua" deklaratzea eskatu zuen.
Sergio Morales prokuradoreak kazetariei esan dienez, desnutrizioak eta Gobernuaren interes ezak "ikaratuta" daukate.
G-4ak egindako ikerketa baten arabera, martxora arte 808.137 pertsona zenbatu dituzte desnutrizio kronikoak jota.