Mundua -
Alderdi Komunistaren Batzarra
Kubak onartu egin du eredu ekonomikoa 'berritzeko' erreforma
Bestalde, Fidel Castro presidente ohiak Kubako Alderdi Komunistako lehen idazkari kargua utziko du gaur, eta Raul anaiak hartuko du lekukoa.
Erredakzioa
Kubako Alderdi Komunistak (PCC) onartu egin ditu bere VI. Batzarrean Raul Castro presidenteak proposatutako erreformak, eredu ekonomikoa "berritzea" eta sozialismoa "atzeraezin" egitea helburu.
Erreforma horrekin, Castrok ateak ireki nahi dizkio ekimen pribatuari, baina muga batzuekin. Hori horrela, enpresa publikoa ekonomia nazionalaren oinarria izango da oraindik, baina sektore pribatuan hainbat lanbide onartuko dituzte, hala nola "atzerriko inbertsioa, kooperatibak, nekazari txikiak, usufruktudunak, maizterrak eta autonomoak".
Kubako Alderdi Komunistaren VI. Batzarrak Raul Castrok aurkeztutako txostenari ere eman dio oniritzia. Horretan, agintariak alderdia gogor kritikatu du, eta "immobilismoa" eta "dogmak" uzteko eskatu dio.
Dena dela, Castrok proposamenak ere egin ditu: agintaldiak 10 urtera mugatzea; herrialdeko zuzendaritza postuak berritzea, buruzagi gazteagoak jartzeko; eta Iraultzaren hurrengo belaunaldia prestatzeko "ordezkarien erreserba" sortzea.
Halaber, PCCk alderdiko Batzorde Nagusia (batzarren arteko organo gorena) izendatu zuen atzo, eta gaur lehen bilera egingo du, buruzagi nagusiak hautatzeko.
Fidel Castro presidente ohiak berretsi egin du alderdiko lehen idazkari kargua uzteko asmoa, eta, beraz, Raul anaiak hartuko du gaur haren lekukoa, ofizialki.
PCCren VI. Batzarraren azken saioa 10:00etan (17:00 Euskadin) hasiko da, eta Kubako irrati-telebista publikoek zuzenean eskainiko dute.