Mundua -

Krisi politikoa

Austriak hauteskundeak aurreratu ditu Gobernuko koalizioa apurtu delako

Kontserbadoreek eta ultranazionalistek osatzen dute Gobernua, baina azken horiek ustelkeria kasu batean murgilduta erakusten dituen bideo bat zabaldu da eta horrek eragin du krisia.

Sebastian Kurz Austriako kantzilerra. Argazkia: Efe
Sebastian Kurz Austriako kantzilerra. Argazkia: Efe
Sebastian Kurz Austriako kantzilerra. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Austriak hauteskundeak aurreratu ditu uda ondorenera kontserbadoreek eta ultranazionalistek duela urte eta erditik osatzen zuten koalizio gobernua apurtu delako, Sebastian Kurz kantziler federalak iragarri duenez.

"Errepublikako presidenteari ahal bezain laster hauteskunde aurreratuak egitea proposatu diot", adierazi du Kurzek, ekintza ustelak egiten ageri den bideo batengatik FPO alderdi liberaleko kantzilerordeak dimisioa eman ostean.

Kurz OVP demokristau alderdiaren buruak azaldu du kanpainan hitzemandako neurriak aurrera ateratzeko prest zegoen alderdi bakarra zelako egin zuela ituna Stracheren FPO alderdi ultraeskuindar eta euroeszeptikoarekin 2017ko urrian.

Kantzilerrak aitortu du beti ez dela "erraza" izan Gobernuko elkarlana, baina eskerrak eman dizkie ministroei, baita FPOkoei ere, azken urte eta erdian egindako lanagatik.

Azaldu duenez, "asko aguantatu" behar izan du azken bi urteetan, "'arratoien poema'tik hasi (FPOko funtzionario batek etorkinak eta arratoiak konparatzen zituen) eta ultranazionalistek eskuin muturreko alderdiekin zuten gertutasunera".

Kurzek Alemaniako hedabideek ostiral honetan zabaldu duten bideoa ere izan du hizpide. 2017an Ibizan grabatutako bideo horretan Strache ageri da Errusiako oligarka bati kontratuak eta mesedeak eskaintzen alderdia finantzatzearen truke.

Era berean, bideo horretan buruzagi ultraeskuindarrak Austriako egunkari garrantzitsueneko akzioak erostea eskaintzen dio dirudunari, egunkariak FPOren gorakada babes dezan, eta prentsa kontrolatzeko eta manipulatzeko prestutasuna agertzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Hauteskundeak gaur Austria