Mundua -
Hildako ekintzaile italiarra
Arrigoni aktibistaren hilketaren bi susmagarri tirokatu dituzte Gazan
Aurretik, Nuseirat Gazako Zerrendako errefuxiatu eremuan tiroketa bat izan ostean aktibista italiarraren heriotzarekin zerikusia zuten beste hiru susmagarri atxilotu dituztela zabaldu dute.
Erredakzioa
Vittorio Arrigoni aktibista italiarraren hilketaren susmagarri nagusiak tirokatu dituzte Hamaseko segurtasun indarrek Gazako Zerrendan, segurtasuneko arduradun batek jakinarazi duenez. Joan den astean hil zuten Arrigoni palestinarren aldeko aktibista.
Aurretik, Nuseirat Gazako Zerrendako errefuxiatu eremuan tiroketa bat izan ostean aktibista italiarraren heriotzarekin zerikusia zuten beste hiru susmagarri atxilotu dituztela zabaldu dute.
Gazako Zerrendan etxebizitza bat inguratu dute Hamas mugimenduaren indarrek. Vittorio Arrigoni Italiako ekintzailea iragan ostiralean hil zuten ustezko hiru hiltzailek hartu dute babes etxebizitzan.
Talde salafistako ustezko hiru kide Nusseirateko zelaitik gertu dagoen etxebizitza batean babestu dira, Dir El Balah hiriaren ipar-ekialdean, Barne Ministerioak kazetariei jakitera eman dienez.
Segurtasun agenteen artean eta Al Kaida sare terroristarekin lotura duen taldeko ustezko hiru kideen artean tiroak izan dira, lekukoek eta Barne Ministerioko bozeramaile batek azaldu dutenez.
Al Yihad Al Tawhid
36 urteko ekintzaile italiarraren bahiketa aldarrikatu zuen Al Yihad Al Tawhid taldeak ostegunean, Youtuben igorritako bideo baten bidez.
Ordu batzuk geroago, hiru ekintzaile askatzeko Hamaseko Gobernuari emandako 30 orduko ultimatuma agortu baino lehen, bahitzaileek Arrigoni hil zuten.
Etxebizitza Azedin Al Qasam Brigadetako, Hamaseko beso armatuko, kide batena da. Nusseirateko etxean babes hartu duten hiru militanteen nortasuna ez dute oraindik jakitera eman.