Mundua -
Frantziako Estatua
Frantziako Poliziak Lyongo atentatuaren egilearen argazki gehiago zabalduko ditu
Erasotzailea identifikatzeko lana ez da erraza izango, betaurrekoak eta txapela baitzeramatzan, baina dagoeneko badakite zein ibilbide egin zuen bideo-zaintzako kamerei esker.
agentziak | erredakzioa
Frantziako Poliziak atzo Lyonen lehergailu-motxila bat jarri zuen gizona bilatzen jarraitzen du, eta datozen orduetan haren argazki gehiago zabalduko ditu.
Horixe jakinarazi du behintzat Remy Heitz Parisko fiskalak, terrorismo kasuez arduratzen denak. Gainera, esan du ez dutela oraingoz erasoa bere gain hartzen duen mezurik jaso.
Oraindik ekintza terrorista bat izan ote den argitu ez badute ere, helburu terrorista zuen hilketa saiakera gisa ari omen dira ikertzen.
Erasotzailea identifikatzeko lana ez da erraza izango, betaurrekoak eta txapela baitzeramatzan.
Poliziak argazki bat zabaldu zuen atzo bertan sare sozialen bitartez, eta dozenaka dei jaso ditu dagoeneko, baina horiek argitzeko lanean ari dira oraindik.
Fiskalak azaldu duenez, kamerei esker, susmagarriak egin zuen ibilbidea dakite.
17:30ean iritsi zen Lyon erdiguneko oinezkoen eremu batera bizikletaz. Bizikletatik jaitsi eta metro batzuk oinez egin ostean, bizikleta zutabe batean utzi zuen, okindegi baten parean, joan zen bide beretik itzuli baino lehenago.
Heitzen arabera, lehergailua urrutiko aginte batekin eztandarazi zuen, eta torlojuak, iltzeak eta perdigoiak zituen.
Leherketaren ondorioz hamahiru lagun zauritu ziren, tartean zauri arinak dituen 10 urteko haurra. Hamaika ospitaleratu zituzten, eta batzuei ebakuntza egin behar izango diete.