Mundua -
Matxinoen iragarpena
Misrata hiria askatu dute Libian, bi hilabeteko setioaren ostean
Gutxienez 15 pertsona hil dira eta beste 31 zauritu, Gadafiren tropek erretretan egindako esboskaden eta utzitako bonba-tranpen ondorioz.
Erredakzioa
Matxinoek Misrata Libiako hirugarren hiriaren "askatzea" iragarri dute, azken bi hilabeteak setio egoeran izan ondoren. Al Jazeera telebista katearen arabera, matxinoak Gadafi koronelaren tropei nagusitu zaizkie.
Iturri horren arabera, matxinoek Gadafiren tropen porrota egiaztatu dute eta hiriaren bazter guztiak kontrolpean dituzte.
Honen harian, Al Jazeerak matxinoen hainbat irudi zabaldu ditu, hiriko kaleetan, arma ugarirekin.
Egun osoan, gutxienez 15 pertsona hil dira eta beste 31 zauritu, Gadafiren tropek erretretan egindako esboskaden eta utzitako bonba-tranpen ondorioz.
Kalteak eta zaintza
Telebista irudiek, ere, azken asteetako konbateek eta bonbardaketek eragindako kalteak erakutsi dituzte: militarren eta zibilen ibilgailu erreak galtzadetan eta obusek suntsitutako eraikinak.
Matxinoek zaintza-postuak ezarri dituzte Misratako hainbat lekutan eta ibilgailu bakoitza miatzen dute.