Mundua -
Asteburuan
36 hildako inguru eta 100 zauritutik gora Misrata hirian, Libian
Gadafik Misrata bonbardatzen jarraitzen du. NATOk, bestalde, armadaren instalazioetatik urruntzeko eskatu die herritarrei erasoak errazago egin ahal izateko.
Erredakzioa
Gutxienez 36 pertsona hil eta 100tik gora zauritu dira asteburuan, Gadafik Misrata hiriaren kontra egindako erasoetan.&' || 'nbsp; Safieddin matxinoen bozeramaileak aditzera eman duenez, igandean zortzi pertsona hil dira eta larunbatean, berriz, 28.
Misratatik atera egingo zela iragarri eta 24 ordura, Gadafik hiria erasotzen jarraitu du. Matxinoen arabera, "Gadafiren tropek hiria bonbardatzen jarraitzen dute".
NATOk zibilak ohartarazi ditu
NATOk instalazio militarretatik aldentzeko eskatu die Libiako herritarrei. Izan ere, larunbatean tripulaziorik gabeko hegazkinekin lehen erasoa egiteko asmoa zuten, baina zibilak ikusi eta eraoa bertan behera utzi zuten.
NATOren ustez, herritarrak aldentzea da operazioak arrakastaz eta "gutxieneko arriskuarekin" egiteko aukera bakarra,
Erasoak Egiptotik
Mustapha Abdeljalil Libiako Behin-behineko Kontseiluko presidenteak Al Jazeerari egindako adierazpenetan esan duenez, Gadafiren aldeko tropak Egiptotik erasoak egiteko prestatzen ari dira. Izan ere, herrialde horretatik Libiako ekialdeko lurraldeak eraso ditzakete, guztiak matxinoen eskuetan.
Kontseiluak eraso horien inguruko informazio fidagarriak dituela azpimarratu du Abdeljalilek eta dagoeneko Egiptoko agintariak jakinaren gainean jarri dituzte.