Mundua -
Indarkeria Afrikan
Errepresioak 100 bat hildako utzi ditu Sudanen
Astelehenetik 101 pertsona hil dira, eta beste 326 ospitaleratu behar izan dituzte. Gobernuaren aldeko miliziek 40 gorpu Nilo ibaitik atera eta edonora eraman dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Sudaneko segurtasun indarrek manifestarien aurkako errepresioarekin jarraitu dute gaur, hirugarren egunez jarraian. Indarkeriak 100 bat hildako utzi ditu dagoeneko. Bitartean, Abdelfatah Burhan batzorde militarreko presidenteak oposizioari "elkarrizketa" eskaini dio.
Medikuen Batzorde Zentralak egindako azken balantzearen arabera, gutxienez 101 pertsona hil dituzte astelehenetik, eta beste 326 ospitaleratu behar izan dituzte.
Gobernuaren aldeko miliziek Nilo ibaitik 40 gorpu atera eta edonora eraman dituzte, medikuen kolektiboak jakitera eman duenez.
Iragan abenduan protestak hasi zirenetik hildakoen kopurua zenbatu dute medikuek. Zentzu horretan, biktimen benetako kopurua zehazteko baldintzarik ez dela ematen ziurtatu dute medikuek. Segurtasun egoera eta militarrek euren lanari jartzen dizkioten mugak salatu ditu kolektiboak.
Fotohaten, Um Durman hiriko auzo apalean, Niloren ibaiertzean, fusilen tiro hotsak entzun dira gaur.
Militarrak manifestari talde txiki bat sakabanatzen saiatu dira bertan. Lurrezko kale baten sarreran altxatutako pneumatiko eta harrizko barrikadak kentzea zen helburua. Khartumgo zenbait auzotan liskarrak errepikatu dira.
Kea Khartumen (Sudan). Argazkia: EFE/ Marwan Ali
Um Durmaneko eta Khartumgo etorbide nagusiak libratzea lortu dute segurtasun indarrek. Astelehenetik barrikadekin itxita egon dira. Soldaduek oposizioaren kanpaldia gogor desegin zuten astelehenean, dozenaka hildako eta ehunka zauritu bidean utziz.
Etorbide nagusietan dozenaka ibilgailu blindatu zabaldu dituzte orain, kalibre handiko metrailadoreekin, baina trafiko oso eskasa da gaur; izan ere, Id al-Fitr lehen eguna da, musulmanentzako jaiegun nagusietako bat, Ramadanaren amaiera ospatzeko.
Hirugarren egunez jarraian ez dago Internetik herrialdean, eta telefono zerbitzuek etenaldiekin jarraitzen dute.
Estatuko telebistak, ostera, funtzionatzen du, eta horren bidez Abdelfatah Burhan batzorde militarreko buruzagiak "indar politiko guztiekin" elkarrizketa eskatu du.
Saudi Arabiaren oniritzia jaso duen elkarrizketa eskaintza hotz hartu du oposizioak. Khartumgo agintariengan konfiantza galdu dute oposizioko taldeek, azken egunetako gertakari odoltsuen ondotik.