Mundua -

Bilera Moskun

Putin eta Xi kontraerasoan, AEBren merkataritza gerraren aurrean

Trumpen administrazioak Txinako produktuei, batez ere puntako teknologikoei, ezarritako muga-zerga berriei aurre egiteko neurriak adostu dituzte bi buruzagiek.

Xi eta Putin elkarri eskua ematen Moskun. Argazkia: EFE
Xi eta Putin elkarri eskua ematen Moskun.
Xi eta Putin elkarri eskua ematen Moskun. Argazkia: EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin eta Xi Jinping Errusiako eta Txinako presidenteek goi bilera egin zuten atzo Moskun, eta neurriak iragarri zituzten AEBk abiatutako merkataritza gerrari aurre egiteko. Trumpek Txinako zenbait produkturi, batez ere puntako teknologiakoei, muga-zergak igo berri dizkie. Horren aurrean, kontraerasora pasatzea erabaki dute bi potentzia "lagunak".

"Bi aldeok konpromisoa hartzen dugu informazio teknologien produktuei zein horien esportazioari ezarritako oinarririk gabeko murrizketei aurre egiteko", irakur daiteke biek sinatutako agirian.

Donald Trumpen administrazioak Huawei betoa ezarri ziotenik urak arre daude Txina eta AEBren artean. Putinek Xi "lagun maitearen" alde egin zuen atzo herrialdeen aldebiko harremanen 70. urtemugan —Mao Zedongen Txinako Errepublika Popularra aitortzen lehena izan zen Sobiet Batasuna, 1949an—.

Are, Errusiako presidenteak AEBri "aitzakia politikoak erabilita, konpetentzia desleiala" egitea egotzi zion, eta auzi jakin bat jarri zuen adibide gisa: Nord Stream-2 gasbide errusiarra eraikitzeari ezarritako trabak, AEBren eskisto-gasa Europara esportatzeko ustezko asmoarekin.

Putin y Xi en el Krelim.

Putin eta Xi, Krelimean. Argazkia: EFE

Aldebiko harremana, inoizko onena

Bi buruzagien arteko bilera "adeitsua" izan zen, eta biek nabarmendu zuten "azken urteetan aurrekaririk gabeko mailan" dagoela euren aldebiko harremana. Azpimarratu zutenez, bi herrialdeen arteko merkataritza itunek urtean 108.000 milioi dolarreko langa gainditu dute.

Elkarri lausengu esateaz gain, hainbat akordio itxi zituzten Putinek eta Xik. Besteak beste, 1.000 miloi dolarreko aurrekontua —erdibana finantzatuko dute— izango duen Zientziaren eta Teknologiaren Berrikuntza Funtsa sortzea adostu zuten.

Gas naturala eta gas natural likidotua Txinan saltzeko akordioa izenpetu zuten: Errusiako Novatek gas konpainiak eta Gazprombank banketxeak eta Txinako Sinopec petrokimikoak hartuko dute parte. 

Era berean, espazioan lasterketa armamentistikoa saihestea hitz eman zuten. "NBEn Armagabetzerako Konferentzia giltzarri izango da", erantsi zuten.

Azkenik, Venezuelako auzia hizpide, bi aldeei "elkarrizketa politikoaren bidez herrialdearen arazoak konpontzeko" deia egin zieten, "esku hartze militar bat saihestuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Mosku Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump