Mundua -

Estatu Batuak-Iran

Irango lider gorena zigortu du Trumpek, eta diplomazia bukatutzat eman du Iranek

Irango Atzerri ministroaren arabera, Estatu Batuetako presidentearen ingurua "gerraren egarri da". NBEko Segurtasun Kontseiluak tentsioa geldiarazteko eskatu du.

Donald Trump, zigorrak sinatzen / Argazkia: EFE
Donald Trump, zigorrak sinatzen
Donald Trump, zigorrak sinatzen / Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak zigor "gogorrak" ezarri dizkio Ali Jamenei Irango lider gorenari, berarekin negoziatzeko egindako eskaintza eusten duen bitartean, eta ohartarazi du Persiar golkoko tentsioen aurrean "eusteko" jarrerak ez duela betirako iraungo.

Jamenei, bere bulegoa eta Irango Guardia Iraultzaileko zortzi komandanteri eragiten diete murrizketa finantzario berriek. Aste honetan, gainera, Mohamad Yavad Zarif Atzerri ministroa ere zigortuko dute, Altxor Sailaren arabera.

Trumpek bertan behera utzitako 2015eko akordio nuklearra salbatzeko Europako estatuek egindako esfortzuan garrantzia handia izan du Zarifek.

"Irani presioa igotzen jarraituko dugu. Ezin dute arma nuklear bat izan", esan du Trumpek zigorren dekretua sinatu baino lehen.

"Ez dugu gatazka bat bilatzen Iranekin ezta beste herrialde batekin ere. Uste dugu eusteko gaitasun handia dugula erakutsi dugula, baina horrek ez du esan nahi etorkizunean erakutsiko dugunik", ohartarazi du.

Aurreko astean, Iranek Persiar golkoan Estatu Batuetako dron bat bota ostean, Trumpek Iranen aurka agindutako eraso bat gelditu zuela esan zuen. Bere arabera, 150 bat hildako utziko luke erasoak, eta hori Estatu Batuetako presidenteak ez zuen "proportzionatutzat" hartu.

Hitz hori bera, "proportzionatuak", erabili du zigor berriak deskribatzeko. Hala ere, zehaztu duenez, Jamenei eta bere inguruari ezarritako zigorrak drona bota baino lehenagotik zeuden prest, eta Altxorrak emandako batzuk gertakari horren osteko erantzuna dira.

Maila zibernetikoan ere erantzun dute Estatu Batuek, Iranek suziriak eta misilak kontrolatzeko erabiltzen dituen ordenagailuak erabilezin bihurtuta. Irango agintarientzat "akats larria" izan da erabaki hori.

Iranentzat, "diplomaziaren bidearen itxiera iraunkorra" dira zigorrak

Iranen arabera, Jamenei eta beste goi funtzionarioen kontrako zigorrak ezartzeko erabakiak Washington eta Teheranen arteko diplomaziarako bidea iraunkorki itxi du.

"Irango lider gorenari eta Irango diplomaziako komandanteari alferrikako zigorrak ezartzea diplomaziaren bidearen itxiera iraunkorra da", esan du Abbas Mousabi Atzerri ministerioaren bozeramaileak Twitterren.

"Trumpen Administrazio etsia munduan bakea eta segurtasuna mantentzeko nazioarteko mekanismoak suntsitzen ari da", esan du.

"Ehuneko ehunean arrazoia dauka Donald Trumpek Estatu Batuetako armadak Persiar golkoan ez duela egitekorik esatean; Estatu Batuetako indarrak erretiratzea Estatu Batuen eta munduaren interesen aldekoa da erabat", esan du Zarifek Twitterren.

"Baina orain argi dago B Taldea Estatu Batuen interesengatik kezkatuta dagoela. Diplomazia gorrotatzen dute, eta gerraren egarri dira", gehitu du.

Zarifentzat, B Taldea John Bolton Estatu Batuetako segurtasun aholkularia, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoa dira.

Egoera baretzea eskatu du NBEko Segurtasun Kontseiluak

Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluak Persiar golkoko egoera baretzeko eskatu die herrialdeei, eta inguru horretan petrolio ontzien kontra egindako erasoak gaitzetsi ditu.

Mansour Al Otaibi Kuwaitek NBEn duen enbaxadoreak, ekainean Kontseiluko presidentetzan, golkoko erasoak "nabigazioarentzat eta petrolio hornidurarentzat benetako mehatxua dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak NBE Eguneko albisteak Albisteak Iran Donald Trump