Itxi

2019/07/01

07:36

Mundua

GOI-BILERA BRUSELAN

Akordiorik ez oraingoz Europar Batasuneko karguen banaketarako

EITB.EUS

Alemania, Herbehereak, Frantzia eta Espainia ados jarri dira Frans Timmermans Europako Batzordeko presidente kargurako proposatzeko, baina Europako Alderdi Popularra kontra agertu da.

  • Donald Tusk, Pablo Casado eta Angela Merkel Europako Alderdi Popularraren goi-bileran

    Donald Tusk, Pablo Casado eta Angela Merkel Europako Alderdi Popularraren goi-bileran. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

28 herrialdeetako estatuburu eta gobernuburuen goi-bilera egiten ari dira atzodanik Bruselan, Europar Batasuneko goi-karguak banatzeko. Gaur-gaurkoz, ordez, ez atzera ez aurrera daude negoziazioak. Aurreko bi goi-bileratan ez zuten adostasunik lortu, eta hirugarren saiakera egiten ari dira orain.

Alemaniak, Herbehereek, Frantziak eta Espainiak Frans Timmermans Europako Batzordeko presidente kargurako proposatzea adostu zuten G20aren Osakako goi-bileran, baina Europako Alderdi Popularra kontra agertu da. Maiatzaren 26ko Europako hauteskundeetan popularrak izan ziren garaile, eta ez daude prest Europako Batzordeko buruzagitza sozialdemokraten esku uzteko.

Angela Merkel Alemaniako kantziler eta Europako popularren ordezkari ere badenak Frans Timmermansen hautagaitza babestu du, Manfred Weber Europako Alderdi Popularraren hautagaiaren kaltetan. Angela Merkel ez beste Europako popularrak, ostera, kontra agertu dira.

Goi-bilera hiru ordutik gorako atzerapenarekin hasi zen atzo Bruselan, buruzagien arteko aldebiko bilerak egiteko. Estatuburu eta gobernuburuak ordu eta erdiz batzartuta egon ziren, eta 23:00etan etenaldia egin zuten, aldebiko batzarrekin jarraitzeko.

Gauean negoziatzen jarraitu dute, eta goizean lan-gosaria egingo dute, akordioa lortzen saiatzeko.

Akordiorik ezean, beste goi-bilera bat deitu beharko dute jokoan dauden bost karguak banatzeko: Europako Batzordeko presidentea, Europako Parlamentuko presidentea, Europako Kontseiluko presidentea, Europako Banku Zentraleko presidentea eta Atzerri Gaietarako goi-ordezkaria.

Bien bitartean, asteartean eratuko dute Europako Parlamentua, eta asteazkenean hautatuko dute bertako presidentea.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;