Mundua -
EB-ko karguen banaketa
David Sassoli italiarra Europako Parlamentuaren presidentea izango da 2022ra arte
Euroganberako erantzukizun handiena hartuko du Sassolik. Sozialistak hirugarren legealdia du eurodiputatu gisa, eta erakundeko presidenteordea izan da 2014tik 2019ra.
Agentziak | Erredakzioa
David-Maria Sassoli sozialista italiarra Europako Parlamentuaren presidentea izatea babestu du Euroganberako osoko bilkurak gehiengo osoarekin. Horrela, datozen bi urte eta erditan, 2022ko urtarrilera arte erakundeko presidentea izango da. 345 boto lortu ditu. 667 eurodiputatu dira Ganberan.
Bigarren bozketan izendatu dute; izan ere, lau hautagaiek ez dute gehiengo absoluturik lortu lehen saiakeran. Hori bai, Sassoli zazpi botora soilik geratu da.
Bigarren bozketan, 345 diputaturen babesa jaso du italiarrak. Jan Zahradil (Txekiar Errepublika) hautagai kontserbadoreak 160 boto erdietsi ditu, Ska Keller alemaniarrak (Berdeak) 119 eta Sira Rego espainiarrak (ezker bateratua) 43.
Sassoli Florentzian jaio zen, eta 63 urte ditu. Lanbidez kazetaria da, eta Italiako Alderdi Demokratako (sozialdemokrata) kidea. Euroganberako erantzukizun handiena hartuko du orain. Sozialistak hirugarren legealdia du eurodiputatu gisa, eta erakundeko presidenteordea izan da 2014tik 2019ra.
Familia sozialdemokratak legealdiko lehen erdian Euroganberako presidentetza hartzea adostu zuten EBko estatuburuek eta gobernuburuek asteartean, karguen banaketa adosteko goi-bileran. Honenbestez, Sassoli hiru alderdi handien (popularrak, sozialistak eta liberalak) hautagai bakarra izan da, eta familia politiko horien babesak jaso ditu.
Hala ere, presidentetzara eraman duten 345 botoak hiru familia politiko horien 444 eserlekuetatik urrun daude. Karguen banaketan barne desadostasun sakonak izan direla agerian utzi du bozketak. Ondorioz, Ursula Von der Leyen hautagai kontserbadorea Europako Batzordearen presidente egiteko orduan arazoak izan daitezke, Europako Parlamentuak berretsi behar baitu.
Aukeratu ondoren, Sassoli ondraturik agertu da, eta kargua uzten duen Antonio Tajani zoriondu du egindako lanagatik.