Mundua -

Hauteskundeak

Liberalek porrot egin dute Erresuma Batuko udal hauteskundeetan

Eskoziako Parlamentuan gehiengo historiko bat lortu dute abertzaleek. Bestalde, Britainia Handiko botoemaileek hauteskunde-sistemaren erreforma atzera bota dute erreferendumean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Laboristak gora egin du alderdi Demokrata Liberalaren kalterako. Demokratek bederatzi udal galdu dituzte ostegun honetako udal hauteskundeetan, eta zortzirekin gelditu dira, 932tik 625 zinegotzira igaro dira.

Hauteskundeak 279 udaletan egin dituzte Erresuma Batuan; batzutan zinegotzi guztiak aukeratu ziren, eta beste batzutan, heren bat.

Emaitzek inkestek aurreratutakoa baieztatu dute: Nick Clegg demokrata liberalaren alderdia kaltetuena izan dela; izan ere, hautesleek Clegg zigortu dute Gobernuaren kudeaketa dela eta.

Liberalek botoak galdu dituzte udaletan eta Eskoziako, Ipar Irlandako eta Galeseko erkidegoetan. Halaber, hauteskunde sistemaren erreforma bultzatu dute, baina horretan ere porrota jaso dute.

Eskozian

Eskoziako Parlamentuan gehiengo historiko bat lortu dute abertzaleek. 129 eserlekuetatik 65 lortu dituzte abertzaleek, hau da, gehiengo absolutua. Eskoziako Parlamentua osatu zenetik aurreneko gehiengo absolutua da.

Hauteskunde-sistemaren erreformari ezezkoa

Bestalde, Britainia Handiko botoemaileen % 69k hauteskunde-sistemaren erreformaren aurka bozkatu dute. % 31k aldeko botoa eman du, datu ofizialen arabera.

Erreferendumaren emaitza "zartada latza" dela onartu du Nick Clegg Alderdi Liberal Demokratako buruzagiak. Izan ere, liberal demokratek hauteskude-sistema erreformatu nahi zuten eta kontserbadoreekin Gobernua osatzeko baldintza bezala galdeketa jarri zuten. Egungo hauteskunde-sistemak bi alderdi handiak laguntzen ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea