Mundua -
HAUTESKUNDE PARLAMENTARIOAK
Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreak irabazi ditu Greziako hauteskundeak
Guztira, 10 milioi hautesle inguruk izan dute botoa emateko eskubidea, herrialde osoan banatutako 21.478 hauteslekuetan.
Agentziak | Erredakzioa
Kyriakos Mitsotakis buru duen Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreak irabazi ditu igande honetan Greziako Legebiltzarra berritzeko egin dituzten hauteskundeak, botoen % 39,6 eta 158 eserleku lortuta, hau da, gehiengo osoa baino zazpi ordezkari gehiagorekin. Gauzak horrela, inkestek iragarritakoa bete da eta kontserbadoreak berriz ere itzuliko dira boterera.
Mitsotakisen hitzetan, "borroka berri eta polit baten hasiera da". Ildo horretatik, herrialdean enplegua eta hazkundea sustatzeko helburuarekin lan egingo duela ziurtatu du.
"Babes zabala izatea eskatu nuen, eta eskuzabalak izan dira. Ez ditut herritarren itxaropenak zapuztuko", azpimarratu du Mitsotakisek. Gainera, bere gobernua gardentasunean oinarrituko dela esan du, eta Parlamentuak uda osoan lan egingo duela aurreratu du, “etorkizunak ezin duelako itxaron”.
Bestalde, Alexis Tsipras lehen ministro eta Syrizako buruak, bere alderdiaren porrota onartu du. Era berean, bere agintaldia goraipatu du, izan ere, hazkunde ekonomikoan oinarritutako legealdia izan da igarotakoa, eta herrialdearen zorrei aurre egitea lortu du.
Demokrazia Berriak baino zortzi puntu gutxiago lortu ditu Syrizak, baina 86 eserleku besterik ez ditu eskuratu, Grezian indarrean dagoen hauteskunde-legea dela eta. Sistema horrek, 50 eserleku gehiagorekin saritzen du indar gehien duen taldea. Parlamentua 300 ordezkarik osatzen dute.
“Harro gaude egindako lanarekin. Porrot egiteko arriskuan zegoen herrialde baten ardura hartu genuen duela lau urte. Gaur, ordea, erreskateak atzean utzi dituen herrialde baten agintea uzten dugu, susperraldian dagoena, kutxak diruz beteta dituena eta bere zorraren interesa minimo historikoetan duena", azpimarratu du Tsiprasek.
Ildo horretatik, hauteskundeen emaitza urte hauetan hartu behar izandako erabaki zailei lotutako "kostu politikoa" dela esan du Tsiprasek, baina ez dela "porrot estrategikoa" ohartarazi du. Hala, emaitza hori soilik “aldi baterako izan dadin” lan egingo dutela esan du.
Halaber, Urrezko Egunsentia alderdi neonazia Greziako Parlamentutik kanpo geratuko litzateke, % 2,99 lortu baitu, % 3ko legezko minimoaren azpitik.
Horrek ez du esan nahi ultraeskuinak babesa galdu duenik Grezian, baizik eta Irtenbide Greziarra izeneko alderdiaren sorrerak botoak banatu dituela. Kyriakos Velopulosek 2016an sortutako alderdi ultraeskuindar horrek 10 diputatu lortu ditu.
Abstentzioari dagokionez, % 44,2koa izan da gaur, Europako hauteskundeen baino altuagoa (% 41,3eko abstentzioa egon zen kasu horretan). Guztira, 10 milioi hautesle inguruk izan dute botoa emateko eskubidea, herrialde osoan banatutako 21.478 hauteslekuetan.