Mundua -

Grezia

Greziako Gobernuak karguaren zina egin du, hauteskundeetatik bi egunera

Lehen ministro berriak bezala, baina Alexis Tsiprasen taldearen kontrara, gobernukide guztiek juramentu erlijiosoa egin dute.

Greziako Gobernuak karguaren zina egin du, hauteskundeetatik bi egunera. Argazkia: EFE
Greziako Gobernuak karguaren zina egin du, hauteskundeetatik bi egunera
Greziako Gobernuak karguaren zina egin du, hauteskundeetatik bi egunera. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministro berriaren gobernu-taldeak astearte honetan egin du karguaren zina, Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreari gehiengo osoa eman zioten hauteskundeetatik bi egunera.

Lehen ministro berriak bezala, baina Alexis Tsiprasen taldearen kontrara, gobernukide guztiek juramentu erlijiosoa egin dute.

Senitartekoekin batera eta Mitsotakisen eta Prokopis Pavlopulos presidentearen aurrean, ministroek hitzeman dute legeak eta Konstituzioa errespetatuko dituztela, eskua Bibliaren gainean jarrita zutela. Zeremonia Jeronimo II.ak, Atenasko artzapezpikuak, zuzendu du.

Horrela, gaur arratsaldean ministro bakoitzak bere departamentua bisitatuko du. Han, ministerioen banaketa egingo dute, eta bihar bertan lehen Ministro Kontseilua. Aurreikusitakoaren arabera, aurrera begira dituen proiektuetako batzuk aurkeztuko ditu Mitstakisek biharko saioan.

Hasiera batean, Tsiprasek baino gobernu-talde txikiagoa izango zuela iragarri zuen Mitsotakisek, baina, azkenik, kide bat gutxiago baino ez du izango: 51 pertsona. Horietatik 17 ministroak izango dira; gainerakoak, berriz, ministrordeak edo laguntzaileak.

Nabarmentzeko modukoa da bi emakume soilik egongo direla Gobernuan: Kultura eta Hezkuntza ministerioetan, hain justu. Tsiprasek ere emakume gutxi izendatu zituen 2015eko hauteskundeetan garaile atera zenean, baina gerora aldaketak egin zituen Gobernuan.

Aipatzekoa da baita, Mitsotakisek ministro lanetan eskarmentua duten politikariak aukeratu dituela (horietako sei aurreko Gobernuekin lan egin zuten).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Grezia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak