Mundua -
Gerra Libian
NATOk berriz bonbardatu du Gadafiren jauregia
Bestalde, Al Arabiyak jakinarazi duenez, Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzak Muamar Gadafi eta haren seme bat atxilotzea aginduko du.
Erredakzioa
NATOk berriro bonbardatu du gaur goizaldean Muamar Gadafi Libiako diktadorean Tripoli hiriburuan duen jauregia.
Lekukoen testigantzak aipatuta Reuters agentziak jakinarazi duenez, gutxienez bost eztanda entzun dituzte inguruan.
Libiako Gobernuaren esanetan, bonbardaketen ondorioz lau ume zauritu dira, horietako bi, larri.
Bozeramaileak zehaztu duenez, NATOk eraikin administratiboak bonbardatu ditu, eta ospitale bati ere, "zeharka", kalteak egin dizkiote. "Oso tristea da. Egunero bi aldeetako pertsonak hiltzen dira, bada garai hitz egiten hasteko", adierazi du.
Halaber, NBEren Umeen Agentziak Tripolin duen egoitza ere bonbardatu izana egotzi dio NATOri. Erregimen libiarrak autobus bat utzi die kazetariei, eraikinera hurbildu eta kalteak ikus ditzaten.
Baliteke Hagako Auzitegiak Gadafi atxilotzea agintzea
Bestalde, Al Arabiya telebista-katearen arabera, Luis Moreno-Ocampo Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburuak Muamar Gadafi, Saif al Islam haren semea eta Abdula al Senussi inteligentzia zerbitzuetako burua atxilotzeko aginduak emango ditu.
Maiatzaren 4an, Moreno-Ocampok iragarri zuen "hurrengo asteetan" atxilotze aginduak igorriko dituela, baina ez zuen argitu noren aurka.
Al Arabiyak azaldu duenez, fiskalak frogak biltzen ari dira, eta hurrengo astean (hilaren 16an seguru aski) auzipetuen izenak baieztatuko dituzte. Ondoren, epaileek atxilotze eskaerak onartzea edo errefusatzea erabaki beharko dute.
Matxinoek milioi bat petrolio upel saldu dituzte
Bien bitartean, matxinoek akordioa sinatu dute milioi bat petrolio upel saltzeko. 70 milioi dolar irabaziko dituzte, eta dirua Qatarreko banku baten bitartez jasoko dute, matxinoen bozeramaile batek iragarri duenez.
Matxinoak diruaren beharrean zeuden elikagaiak eta sendagaiak erosteko, eta joan den astean, Erroman bildu ziren hainbat herrialdek dirua bidaltzea promestu zuten.
"Milioi bat petrolio upel saldu ditugu, 70 milioi euroren truke, eta dirua oinarrizko produktuak erosteko erabiliko dugu, elikagaiak eta beste motatako laguntzak, kasu", azaldu du aipatu bozeramaileak.