Mundua -

60.000 milioi euro lirateke

Merkel: 'Greziak oraingoz ez du laguntza gehiagorik jasoko'

Greziako Gobernuak ukatu egin du bertako komunikabide batzuek argitaratu duten moduan, 60.000 milioi euroko erreskate paketea eskatu duenik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren hitzetan, Greziak ez du laguntza gehiagorik jasoko Europar Batasunaren ordezkaritza ofizialaren, Europako Banku Zentraleko eta Nazioarteko Diru Funtseko adituen ondorioak ezagutu arte. Erakundeotako adituak Grezian daude erreskate planaren nondik norakoak aztertzeko.

Merkelek atzerriko hedabideei Berlinen jakinarazi dienez, ez dute Greziari laguntza gehiago ematea baztertu, edo 110.000 milioi euroko maileguaren baldintzak leundu. Halaber, Alemaniako Parlamentuak eurogunerako erreskate-tresna iraunkorra onartuko duela ziur dagoela esan du.

"Europako Batzordeko, Europako Banku Zentraleko eta Nazioarteko Diru Funtseko adituen ondorioak aztertu behar ditut, eta hori baino lehen ezin dut ezer esan. Beste edozerk ez lioke mesederik egingo Greziari edo Europaro", esan du.

Gaur ere Greziako gobernuak ukatu egin du erreskate plan berri bat negoziatzen ari dela; modu horretan, gezurtatu egin du hango hainbat komunikabidek argitaratutako moduan, 60.000 milioi euroko laguntza berri bat eskatu duela.

"Ez dago horrelako konturik eta ez gara erreskate pakete berri batean pentsatzen ari" azaldu diote informazio agentzia bati Greziako Finantza Ministeritzatik.

Grezian finantza arloan aritzen diren komunikabideek gaur kaleratu dutenez batetik Atenas, eta bestetik Europar Batasuna eta Nazioarteko Diru Funtsa 57.000 milioi euroko zorrari aurre egiteko laguntza gehiago negoziatzen ari dira; 2012 eta 2013an amaitzen zaie ordaintzeko epea.

Informazio iturri horien arabera, orain urtebete Greziari emandako 110.000 milioi euroko erreskatea ordaintzeko epea ere negoziatzen ari dira.

Gaur Europar Batasuneko eta Nazioarteko Diru Funtseko misio bat iritsi da Atenasera, Greziako gobernuak martxan jarritako aurrezteko neurriak ikuskatzeko eta nazioartearen 15.000 milioiko maileguaren bosgarren tartea nola ordaindu erabakitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea