Mundua -

Kronika Mexikotik

Calderonek eutsi egingo dio Segurtasun Publikorako idazkariari

Milaka herritarrek Genaro Garcia Lunaren dimisioa eskatu zuten igandean poliziaren baitako ustelkerian duen erantzukizunagatik.

Iñigo Bilbao

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mexikoko presidente Felipe Calderonek esan du Justizia eta Duintasunezko Pakearen aldeko Ibilaldia sustatu zuten guztiekin batu eta hitz egin nahi duela. Igandean 200.000 herritar inguru batu ziren hiriburuko Zokalo plaza nagusian, drogaren kontrako gerrak eta horren karira azken urteotan hil dituzten 40.000 mexikarren izenak gogoratu, eta indarkeria agerraldi oro salatzeko.

Calderonek arazo horren kontra zer egiten ari diren azaldu nahi die etxean indarkeria sufritu duteneei. “Ados egon gaitezke, edo ez, zenbait puntutan gertatzen den bezala”, esa ndu presidenteak, baina hitz egiteko prest dagoela gaineratu du.

Javier Sicilia poeta eta ekintzaileak deitu zuen joan den asteko protestaldia, duela aste pare bat hil zioten semea gogoratu eta halako jazoera odoltsuak inpunitatean geratzen direla salatzeko. Protestaren amaieran, Siciliak Genaro Garcia Luna Seguratsun Publikorako idazkaria gobernutik bota dezala exijitu zion Calderoni, “horrela erakutsiko du-eta, gure aldarriak entzun dituela”.

Erantzuna ezezko biribila izan da. Presidenteak ez du segurtasun politika aldatzeko asmorik, eta karguan utziko du bere gobernuan erreminik handienak sortzen dituen gizona. Alejandro Poire Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko idazkariari egokitu zaio Garcia Lunaren lana defenditzea.

Los Pinos gobernuaren egoitza nagusian atzo egindako agerraldian Poirek bat egin zuen “igandean fede onez protestan aritu ziren guztiekin, guk ere, haiek bezala, pakea eta segurtasuna, justicias, bilatzen baitugu. Baina era berean esaten dugu, ez gaudela ados bertan esan ziren guztiekin. Hori ez da, baina, ez hitz egiteko aitzakia. Argi esan behar dugu Genaro Garcia Luna izan dela polizia zibil eta profesionalaren sorrera bultzatu duena; irmotasunez bultzatu gainera, legeari atxikita jardungo duen polizia, ondo hornitua eta herritarren segurtasuna bermatzeko adina adimen gaitasuna izango duena”, azpimarratu zuen gobernu bozeramaileak.

Salaketak salaketa, Segurtasun Publikorako idazkariak bere eginkizunekin segitu zuen atzo, haren kontra ezer ez balego bezala. Atzo bertan jakinarazi zuen 2.100 unibertsitari hartu nahi dituztela Juarez Hirian, Chihuahuan, sortu nahi duten polizia berria osatzeko.

Deia alderdiei

Igandean, milaka herritarren aurrean egindako agerraldian, Sicilia poetak oso hitz gogorrak izan zituen alderdi politiko nagusien kontra. Guztien kontra. Esan zuenez, gaizkileekin nahasita daude. Argi utzi zuen Siciliak 2012an presidentea aukeratzeko izango diren hauteskundeak boikoteatzeko prest daudela, baldin eta alderdiek ez badituzte neurri zorrotzak hartzen haien egitura politikoak garbitzeko.

Hika-mika horiek guztioriek ez dira nahikoak izan Mexikon bizi den odol jarioarekin amaitzeko. Atzo bertan, Durangon, estatuko fiskaltzak jakinarazi zuen 20 gorpu gehiago aurkitu dituztela, horien artean hiru emakumeen hilotzak, Guadiana bailarako auzo batean, Durango Hirian. Horiekin 190 dira igandeaz geroztik talde armatuen bost hilobi klandestinoetan, horietako lau Durango hirian bertan aurkitu dituzte, atzemandako gorpuak.

Herrialdearen Iparraldeko mugaldean, bestalde, Babes Publikorako Institutu Federalak ohartarazi du gaizkileek bahitutako 120 etorkin askatu dituztela. Libre utzitako migranteek azaldu dutenez, AEBrako muga legez kanpo zeharkatu asmoz Tamaulipas estatuan zebiltzala, Migrazio Institutu Nazionaleko sei polizik atzeman zituzten eta polizia horiek gaizkileen esku utzi zituztela, guztiak 5.000 pesotan salduta, 300 bat euro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea