Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Saudi Arabiari armak saltzeko debekua onartu du AEBko Ordezkarien Ganberak
Kongresuak hiru ebazpen onartu ditu. Aurrez, Senatuak neurri horien alde egin zuen ekainean. Dena den, litekeena da Trump presidenteak betorako eskubidea baliatzea eta indarrean ez sartzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AEBk ezingo diete Kongresuaren oniritzirik gabe armarik saldu Saudi Arabiari, Arabiar Emirerri Batuei, Espainiari, Jordaniari, Erresuma Batuari, Italiari eta Ipar Irlandari, atzo Ordezkarien Ganberak onartutako hiru ebazpenen ondorioz. Senatuak ere neurri horien alde bozkatu zuen ekainean. Dena den, Donald Trump presidentearen onespena behar dute horiek indarrean sartzeko, eta litekeena da betorako eskubidea baliatzea.
Kongresuak hiru ebazpen onartu zituen. Horietako bietan, 238 ordezkarik alde bozkatu zuten eta 190k, ostera, aurka. Hirugarrengo kasuan, aldeko 237 boto eta kontrako 190 boto izan ziren. Demokrata guztiek alde bozkatu zuten, baita zenbait errepublikanok eta legegile independente batek ere.
Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren babesa izanagatik ere, Trumpen onespena behar da ebazpenak indarrean sartzeko. Hala ere, Donald Trumpek betoa jartzea espero da.
Kongresuak atzera bota du 'impeachment' prozesua abiatzea Trumpen kontra
Atzoko saioan, beste bozketa bat ere izan zen AEBko Ordezkarien Ganberan. Bertan, Kongresuak atzera bota zuen Donald Trump presidentea kargutik kentzeko "impeachment" prozesua abiatzea. Demokratek Kongresuaren kontrola hartu zutenetik Trump kargutik kentzeko egiten duten lehen bozketa da.
Hala ere, ezezkoa nagusitu zen (95 alde eta 332 kontra). Alderdi Demokrataren baitan eztabaida sortu da, eta demokraten % 40 "impeachment" prozesua hastearen aurka agertu dira.