Mundua -

HAUTESKUNDE LEGEGILEAK

Zelenski presidentearen alderdiak irabazi ditu Ukrainako hauteskunde legegileak

Apirileko hauteskunde presidentzialak aise irabazi ostean, aktore eta umoristak botoen % 42 bereganatu ditu, botoen % 32 zenbatuta.

Vladimir Zelenski Ukrainako presidentea hauteskunde legegileetan botoa ematen. Argazkia: EFE
Vladimir Zelenski Ukrainako presidentea hauteskunde legegileetan botoa ematen
Vladimir Zelenski Ukrainako presidentea hauteskunde legegileetan botoa ematen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Zelenski Ukrainako presidentearen alderdiak irabazi ditu atzo herrialde horretan egin ziren hauteskunde legegileak. Garaipen zabala lortu du aktore eta umoristak, botoen % 32,29 zenbatuta zeudenean botoen % 42,18 eskuratu baititu.

Bigarren tokian, presidentearen alderditik oso urrun, Bizitzaren aldeko Oposizioko Plataforma gelditu da, botoen % 12,69 jasota. Aipaturiko alderdiak Errusiarekin harremanak guztiz berrezartzea bultzatzen du. Petro Poroshenko presidente ohiaren alderdia, ostera, hirugarren tokira erori da, botoen % 8,7 bereganatuta.

Oraingoz, Ukrainako Parlamentuan —Rada— sartzeko gutxienez lortu beharreko botoen % 5eko langa beste bi alderdi hauek ere gainditu dute: Yulia Timoshenko lehen ministro ohiaren Batkivschina alderdia eta Sviatolav Vakarchuk abeslariaren Golos alderdia. Botoen % 8,7 eta % 8,19 erdietsi dituzte, hurrenez hurren.

Zerrenda horien artean, 225 aulki banatuko dira, eta, emaitzen arabera, 120-122 eskuratuko ditu Zelenskiren alderdiak. Horrez gain, beste 199 ordezkari aukeratzen dira gehiengoa duen barrutietan. Ukrainska Pravda hedabidearen arabera, Zelenskiren alderdiak 50 inguru izango ditu.

Parlamentua 450 ordezkarik osatzen badute ere, hurrengo legegintzaldian, aurrekoan gertatu bezala, 424 diputatu baino ez dira izango. Izan ere, gatazka egoeran dauden Ukraina ekialdeko 26 barrutitan ez dira hauteskundeak egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina albisteak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak gaur Zelenski gaur