Mundua -

Urteko txostena

AIk Mexiko gaitzetsi du Giza Eskubidea urratzeagatik

Urteko txostenean, Amnesty International erakundeak legez kanpoko hilketak, desagertarazpenak, torturak eta neurribako atxiloketak egotzi dizkio Armada mexikarrari.

Iñigo Bilbao

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero kaleratu ohiduen “Giza Eskubideen egoera munduan, 2011” txostenean, Amnesty International (AI) erakundeak ohartarazpen larriak egiten ditu Mexikoren gainean. Izan ere, txostenaren arabera iaz “milaka herritar bahitu egin zituzten, edo erahil, gaizkile taldeek; eta haien kontra borrokatzera bidalitako poliziek eta militarrek giza eskubideak urratu zituzten oso modu larrian”.

Erakundeak txostenean azpimarratzen du datu berriak jaso dituztela Armadako kideek eragindako legez kanpoko hilketen, desagertarazpenen, torturen eta neurribako atxiloketen inguruan. Era berean, Giza Eskubideen Batzorde Nazionalak (GEBN) indar armatuen gehiegikeriak salatuz 1.613 kexa jaso zituela joan den urtean ohartarazten du AIk.

Ez horiek bakarrik. Txostenean argitzen denez, GEBNk azaroan jakinarazi zuen ehun salaketa baina gehiago ikertzen ari zirela une horretan, aurreko 18 hilabeetan Indar Armatuek eragindako beste horrenbeste erahilketa argitzeko. AIk Justizia mexikarraren hutsak nabarmendu ditu, berriro ere, giza eskubideen kontrako urraketa oro inpunitate osoan geratu direlako.

Txostenaren barruan Mexikori emandako tartean, AIk gogora ekartzen du giza eskubideen aldeko hainbat ekintzaile eta kazetari erahil dituztela, eta beste askok mehatxuak eta jazarpenak sufritu dituztela. Migrante ertamerikarrek AEBrako bidean jasaten dituztenak ere jaso ditu AIk txostenean. Gogoratu du milaka gizon eta emakume bahituak, bortxatuak eta erahilak izan direla iparralderako bidean, eta egun batean izandako 72 migranteen hilketa nabarmentzen du, kasu lazgarri horrek agerian utzi zuelako haien kontrako erasoak sistematikoak ez ezik, gero eta larriagoak direla.

Genero indarkeriari dagokionez, emakumeen eta neskatoen kontrako erasoak areagotu egin direla gaineratu du AIk. 2010 urtean ehunka emakume hil zituzten etxean edo herrian eta, azpimarratu du, biktima horiek guztioriek babesteko hartu ziren neurriak “hutsakak izan ziren”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea