Mundua -
Matxinada kartzelan
Presoen arteko borroka batek gutxienez 52 hildako utzi ditu Brasilen
Altamira hiriko espetxean, fakzio kriminalen arteko liskarrean, 52 preso hil dituzte, horietako 16 burua moztuta.
Agentziak | Erredakzioa
Pará Brasilgo iparraldeko estatuan, gutxienez 52 preso hil dituzte matxinada batean, iturri ofizialek jakitera eman dutenez.
Estatu horretako espetxeen ardura duen erakundearen arabera (Superintendencia del Sistema Penitenciario, Susipe), fakzio kriminalen arteko borroka batean, 52 preso hil dituzte Altamira hiriko espetxean, horietako 16 burua moztuta.
Gainera, zenbait pertsona zauritu eta espetxeko bi agente bahitu dituzte matxinatuek, baina dagoeneko askatu dituzte.
Erakunde horretako prentsa-bulegoak azaldu duenez, gosaltzeko orduan hasi dira istiluak. Talde kriminaleko kide batzuk fakzio etsaiaren moduluan sartu dira.
Presoek borroka gogorra hasi dute eurek egindako armak baliatuz; aretoan sartu dira, eta su eman diote. Sugarrek pabiloi osoa hartu dute, eta preso batzuk ito egin dira kearen ondorioz.
Polizia Militarra, Polizia Zibila eta Parako Justiziaren baliabideak bertaratu dira. Espetxeko presoei aurre egin, eta bahituak askatzea negoziatu dute.
Behin matxinada kontrolatu dutenean, erasoan parte hartu duten presoak banakako ziegetara eraman dituzte, eta bakarturik utzi dituzte.
Altamirako kartzela Parako hiriburutik (Belem) 850 bat kilometrora dago. 200 preso hartzeko gaitasuna du, baina egun 311 preso daude bertan.
Brasilgo espetxeetan aurten gertatu den bigarren sarraskia izan da.
Iragan maiatzean, 48 ordutan, 55 preso hil zituzten Manaos hiriko lau espetxetan, Brasilgo iparraldean. Gertakariak herrialdeko kartzelen baldintzen inguruko eztabaida piztu zuen berriro.