Mundua -
Gatazka, Libian
Nazioarteko Auzitegi Penalaren fiskalak Gadafiren atxiloketa eskatu du
Luis Moreno Ocampok Libiako buruzagiaren, honen seme baten eta Gobernuaren inteligentzia zuzendariaren aurkako atxiloketa aginduak eskatu ditu. Gizateriaren kontrako delituak egotzi dizkiete.
Erredakzioa
Muamar el Gadafi Libiako buruzagiaren, Saif el Islam seme baten eta Abdula el Senusi koinatoa eta Gobernuaren inteligentzia sailaren aurkako atxiloketa aginduak eskatu ditu astelehen honetan Luis Moreno Ocampo Nazioarteko Auzitegi Penalaren fiskal nagusiak. Hiruei gizateriaren kontrako delituak leporatu dizkiete.
Ocampok prentsaurreko batean azaldu duenez, zibilen aurkako erasoak "Gadafik berak" agindu zituela uste du Fiskaltzak eta horren frogak badituzte. Honen arabera, "euren etxeetan zeuden lagunei eraso eta tirokatu egin zieten, hiletetan parte hartu zutenen aurka ere egin zuten eta hortik bizirik atera zirenak frankotiratzaileek hil zituzten".
Ocampok zehaztu duenez, Gadafik "erabateko boterea" gordetzea nahi du eta fiskalaren hitzetan, botere hau "gizateriaren aurkako delituak egiteko" erabili du.
Ocamporen aburuz, Saif al Islam -gatazka piztu baino lehen, Gadafiren ondorengoa omen zena- "Libiako lehen ministroa" da. Abdula al Senusi, berriz, -Gadafiren arreba batekin ezkondutakoa- diktadorearen "konfidantzazko gizona" eta inteligentzia saileko burua da.
Auzitegiak izango du orain azken hitza: atxiloketa agindua onartu, deseuztatu ala Fiskaltzari informazio gehiago eska diezaioke. Baliteke prozesuak aste batzuk irautea edo hilabeteak. Hala ere, Libiako auzian azkartasuna izan da nagusi, izan ere, bi hilabete besterik ez dira igaro ikerkuntza prozesua hasi zenetik.