Mundua -
KRISI POLITIKOA ITALIAN
Mattarellak gaur iragarri lezake gobernua osatu daitekeen edo bozak deituko dituen
Abiatu duen bilera errondaren baitan, alderdi nagusiekin elkartuko da asteazken honetan. Gobernu berria osatzea posible ote den edo halabeharrez hauteskundeak deitu behar diren egiaztatu nahi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italian, Sergio Matarella errepublikako presidenteak datozen orduetan iragarriko dezake abiatu duen bilera errondak zer emaitza eman duen, hau da, gobernu berria osatzea posible ote den edo hauteskundeak deitu beharko diren.
Mattarella Diputatuen Ganberako eta Senatuko presidenteekin eta alderdi txikienekin elkartu zen atzo eta gaur, asteazkena, alderdi nagusiekin batzartuko da.
Italiako korapilo politikoa askatzetik gertuago egon daiteke. Azken orduetan 5 Izarren Mugimenduak (M5S) eta Alderdi Demokratikoak (PD) jarrerak gerturatu dituzte gobernu berria osatzeko eta bi alderdien arteko koalizio gobernua negoziatzen ari dira. Atzo bertan programa eta koalizio gobernua adosteko bilerak egin zituzten eta bi aldeek balorazio positiboa egin zuten. Gaur, asteazkena, berriro elkartuko dira negoziatzen jarraitzeko. Adostasuna lortuz gero, hauteskundeak aurreratzea eragotziko lukete.
Azken urte eta erdian, Luigi Di Maioren Bost Izarren Mugimenduak eta Matteo Salviniren Liga alderdiak osatutako aliantzak gidatu dute herrialdea. Gobernu aukera hori hautsita, M5S eta PD alderdiak gobernu aukera berriak aztertzen ari dira. Gaur bi alderdiak Sergio Mattarella Italiako presidentearekin batzartuko dira, azken horrek hasi duen bilera errondaren baitan.
Orain arteko desadostasun nagusia Giuseppe Conte orain arteko lehen ministroaren izena izan da. Iragan astean Contek dimisioa eman zuen -Liga alderdiak bere aurkako zentsura mozioa aurkeztu ostean-, krisi politikoari hasiera emanez. Hasiera batean, PD alderdia Contek lehen ministro karguan jarraitzearen kontra zegoen; aitzitik, Bost Izarren Mugimendua, alde.
"Zer beto? Ez dago inolako betorik", argitu du Graziano Delrio PD alderdiak Diputatuen Ganberan duen buruzagiak. M5S alderdiak, bere aldetik, begi onez hartu ditu hitz horiek eta izenen eztabaida albo batera utzi eta "programak eta gaiak" lantzeko deia egin du.
Bestalde, PD alderdiaren esanetan, Di Maiok Barne ministro eta lehen ministro orde izan nahi du eta horrek balizko koalizio gobernua osatzeko akordioa oztopatu dezake. M5Sk, ostera, ukatu egin du Di Maiok kargu konkretu bat eskatu duela.