Mundua -
Hondamendi naturala
Brasilek laguntza onartuko du Amazonaseko suteen aurka, nahieran erabili ahal badu
Rego Barros Brasileko Presidentetza bozeramaileak ohartarazi du eurek erabaki behar dutela laguntza zelan erabili. Bestalde, Kanadak iragarri du Bolsonarok euren laguntza baztertu duela.
Agentziak | Erredakzioa
Brasilgo Gobernuak astearte honetan nabarmendu duenez, kanpoko eragile eta herrialdeek Amazonaseko suteak amatatzeko eskaintzen dieten laguntza oro onartzeko prest daude, baldin eta hura erabiltzeko autonomia badute.
"Brasilgo subiranotasuna ezin da negoziatu", esan du Rego Barros Brasilgo Presidentetza bozeramaileak. Argitu duenez, ez daude Frantziarekin hitz egitearen kontra.
Atzo bertan, G7ak eskainitako 20 milioi dolarreko laguntza errefusatu zuen Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak, eta onartzeko baldintza jarri zuen: Macronek haren kontra egindako "irainak" erretira ditzala. Gogora ekarri zuenez, Frantziako presidenteak "gezurtia" dela esan zion. Bolsonarok nazioarteko buruzagien kritika zorrotzak jaso ditu Amazonaseko suteen inguruan egin duten kudeaketa dela eta. Donald Trump AEBko presidentea izan da salbuespena, Bolsonaroren alde agertu baita azken orduetan.
Brasilgo Espazio Ikerketaren Institutuko datuen arabera, Amazonaseko suteek % 83 egin dute gora 2019an, iazko epe berarekin alderatuta. Agentziak 72.843 sute zenbatu ditu aurtengo zortzi hilabeteotan, 2013tik izandako kopururik altuena. Abuztuaren 15etik 20ra bakarrik 9.500 sute atzeman zituzten satelite bidez.
Bolsonarok laguntza errefusatu du, Kanadaren hitzetan
Bien bitartean, Catherine McKenna Kanadako Ingurumen ministroak iragarri duenez, suteei aurre egiteko Ottawak eskainitako laguntza errefusatu du Brasilek.
Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak hainbat zisterna-abioi eta 15 milioi dolar kanadar (11,25 milioi dolar estatubatuar) eskaini zizkion Bolsonarori astelehenean.
McKennaren esanetan, Amazonaseko suteak ez dira Brasilen afera bakarrik, eta Brasiliak eskainitako laguntza baztertzen badu, Ottawak beste nazio batzuekin lan egingo du. "Herrialde asko daude tartean, orain Argentinako Gobernuarekin ari gara. Espero dugu beste bazkide batzuekin lan egin ahal izatea", azaldu du.