Mundua -

MIGRAZIOA

Mare Jonio ontzi italiarrak ehun migratzaile inguru erreskatatu ditu Mediterraneoan

Erreskatatuen artean 26 emakume eta 28 adin txikiko daude, horien artean, zortzi emakume haurdun eta hamar urtetik beherako 22 haur.

Mediterraneo itsasoan erreskatatutako migratzaileak Open Arms ontziaren barruan. EFE
Mediterraneo itsasoan erreskatatutako migratzaileak Open Arms ontziaren barruan
Mediterraneo itsasoan erreskatatutako migratzaileak Open Arms ontziaren barruan. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mediterraneo itsasoan, Mare Jonio ontzi italiarrak ehun migratzaile inguru erreskatatu ditu hondoratzen ari zen txalupa puzgarri batetik. Mediterraneoan erreskate lanetan dabilen Mediterranea Saving Humans Italiako gobernuz kanpoko erakundearen ontzia da.

Gobernuz kanpoko erakundeak azaldu duenez, erreskatea 08:35ean gertatu da. "Gehiegizko karga zuen, noraezean zegoen eta airea galtzen ari zen", zehaztu du. Antza denez, ontziak radarrarekin ere arazoak zituen.

Erreskatatuen artean 26 emakume eta 28 adin txikiko daude, horien artean, zortzi emakume haurdun eta hamar urtetik beherako 22 haur.

"Pertsona horiek gurekin eta onik daude", azpimarratu du. Gobernuz kanpoko erakundearen esanetan, zenbaitek hipotermia dute eta beste batzuek Libian tratu txarrak jaso izanaren zantzuak dituzte".

Orain, gobernuz kanpoko erakundea Italiako Itsasoko Koordinazio Zentroaren aginduak jaso zain dago. Izan ere, ontziak Italiako bandera du.

Mare Jonio iragan ostegunean itzuli zen Mediterraneo itsasora, maiatzean 30 migratzaile erreskatatu ondoren bi hilabetez Italiako Licata portuan atxikita egon eta gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Migrazioaren albisteak Europa bideoak Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Italiako albisteak Errefuxiatuak Giza eskubideak albisteak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Mediterraneo itsasoa