Mundua -
KOLONBIA
Fiskaltzak Marquez eta 12 disidente harrapatzea eskatu du armetara itzultzeagatik
Bestalde, gutxienez FARC gerrillako 12 kide hil dira operazio militar batean.
AGENTZIAK
Kolonbiako Fiskaltzak FARC gerrillako 13 disidente harrapatzea eskatu du, haien artean Ivan Marquez, armetara itzultzeagatik "Estatuaren segurtasuna erasotzeko".
"Krimen larriagatik, indar militarren armen trafikoagatik eta garraioagatik, eta uniformeen edo intsignien legez kanpoko erabileragatik" bilatu behar direla zehaztu du Fabio Espitia fiskal nagusiak.
Luciano Marin Arango, Ivan Marquez ezizenez ezaguna eta FARC gerrillako negoziatzaile nagusia izan zena La Habanako elkarrizketetan, ostegunean agertu zen gerrillako beste lider ohi batzuekin bideo batean. Hartan, armen bidezko "borrokako beste etapa bat" hasi zutela iragarri zuten, Estatuak bakearen akordioari eginiko "traizioari" erantzunez.
FARC gerrillako 12 kide hil dira operazio militar batean
Defentsa Ministerioaren arabera, gutxienez FARC gerrillako 12 kide hil dira San Vicente del Caguánen garatutako eskala handiko operazio militar batean.
Kolonbiako Ivan Duque presidenteak Sincelejoko ekitaldi batean adierazi duenez, operazioan hildakoen artean disidenteen taldeko buruzagietako bat dago, Gildardo Cucho.
1.800 pertsona inguruk osatzen dituzte bake prozesua utzi ez duten eta narkotrafikoan eta legez kanpoko meatzaritzan jarduten duten FARC gerrillako disidenteen 24 taldeak.