Mundua -
Irlandan, bisita ofizialean
Sumendiaren errautsak saihesteko bidaia aurreratu du Obamak
Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak jakitera eman duenez, "sumendiaren errautsek norabide aldaketa izan dute eta Air Force One hegazkina gauean abiatuko da Dublinetik Londresera".
Erredakzioa
Dublinetik irteera aurreratzea erabaki du Barack Obama AEBetako presidenteak. Horrela, gauean Londresera abiatuko da, Grymsvoetn Islandiako sumendiaren errautsek suposa dezaketen arriskuaren aurrean.
Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak jakitera eman duenez, "sumendiaren errautsek norabide aldaketa izan dute eta Air Force One hegazkina gauean abiatuko da Dublinetik Londresera", hasiera batean bihar, asteartea, hegaldia hartzekoa bazen ere.
AEBetako presidentea Dublinera iritsi da gaur goizean, 10: 25 aldera (Euskadiko ordua). Bertan hasiko du Europan egingo duen bira ofiziala eta izango dituen bileretan Ekialde Hurbilean izan diren azken gertakariak izango ditu hizpide.
Iritsi bezain laster, Obama Mary McAleese Irlandako presidentearengana joan da. Bertan, ongi etorri ekitaldia egin diote AEBetako presidenteari.
Horrez gain, Moneygall herrira joan da Obama. Bertatik AEBetara alde egin zuen bere oinordeko batek eta bertan krisiari buruzko hitzaldia eskaini du.
Enda Kenny ministro irlandarrarekin ere bildu da eta, gauean, Londresera joango da, Estatuko bisita bat egitera.
AEBetako presidentea Frantzira ere joango da, G8ko goi-bileran parte hartzera, eta bidaia ofiziala Varsovian bukatuko du, Poloniako agintariekin bilduta.