Mundua -
HERIOTZA
Robert Mugabe Zimbabweko presidente ohia hil da
Singapurreko ospitalean hil da. 5 hilabete zeramatzan bertan tratamendua jasotzen. 37 urtez izan zen Zimbabweko presidente, 2017ko azaroan estatu kolpe baten ondorioz dimititzera behartu zuten arte.
AGENTZIAK
Robert Mugabe Zimbabweko presidente ohia hil da ostiral honetan, 95 urterekin, gaixotasun luze baten ondorioz. Singapurko ospitalean hil da; izan ere, 5 hilabete zeramatzan bertan tratamendua jasotzen.
Mugabe 37 urtez izan zen Zimbabweko presidente, 1980an herrialdeak Erresuma Batutik independentzia lortu zuenetik 2017ko azaroan estatu kolpe baten ondorioz dimititzera behartu zuten arte.
"Tristura handiz iragartzen dizuet Robert Mugabe aita fundatzailearen eta Zimbabweko presidente ohiaren heriotza", idatzi du Emmerson Dambudzo Mnangagwa Zimbabweko egungo presidenteak Twitter sarean duen kontuan.
"Askapenaren ikono izan zen, bere bizitza herriaren emantzipazioaren eta ahalduntzearen alde eman zuen panafrikanista bat. Berak gure nazioaren eta kontinentearen historiaren alde egindako ekarpena ez da inoiz ahanzturan eroriko. Goian bego", gaineratu du.