Mundua -
Urakana
Gutxienez 30 pertsona hil dira Bahametan, Dorian urakanaren ondorioz
Osasun ministroak ohartarazi du hildakoen kopuruak gora egingo duela. Nazio Batuen Erakundeak, bestalde, 8 elikagai tona bidaliko ditu Bahametara.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 30 pertsona hil dira Bahama Handian eta Abaco uhartean, Dorian urakanaren ondorioz, Hubert Minnis lehen ministroak jakitera eman duenez.
Minnisek, gainera, doako hegaldiak iragarri ditu uhartetik alde egin nahi dutenentzat. Horretarako, baina, zonalderen batzuk egokitu beharko dituzte lehenago, hegazkinek lur-hartzeko tokia izan dezaten.
CNN telebista katean egin dioten elkarrizketan, Munnisek berretsi du hildakoen kopuruak gora egingo duela.
"AEBtik iritsitako laguntzagatik izan ez balitz, hildakoen kopurua are handiagoa litzateke, eta laguntza banatzerakoan ere zailtasun handiagoak izango genituzke", azpimarratu du.
Hegaldiei dagokienez, zehaztu du adinekoek eta gaixorik dauden herritarrek ez dutela lehentasunik izango. Oraingoz, ez daki noiz erreskatatuko dituzten, baina asko jota bost eguneko epean Nassaura lekualdatzeko aukera izatea espero du.
Osasun ministroaren arabera, hildakoen kopurua "beldurgarria" izango da
Duane Sands Osasun ministroak ohartarazi du hildakoen kopuruak gora egingo duela, eta "izugarria" izango dela.
"Ez dago zalantzarik, askoz hildako gehiago egongo dira", ziurtatu du orain arte hilik aurkitu dituzten 30 pertsonak gogoan.
NBEk 8 tona elikagai bidaliko ditu
Nazio Batuen Erakundeak ostiral honetan aurreratu du Elikagaien Mundu Programak Bahametara 8 tona elikagai bidaltzea aurreikusi duela, Dorian urakanaren ondorioak "baretze" aldera.
NBEk azaldu duenez, laguntza behar duten pertsona guztien artean banatuko dituzte elikagaiak. Era berean, Panaman NBEk duen egoitzatik ere bidalketaren bat egingo dute.
Argazkia: EFE
1. kategoria harrapatu du Dorianek¿
Dorian urakanak indarra galdu du, eta 1. kategoriara jaitsi da gaur. Haizeteek orduko 150 kilometroko abiadura hartu dute Ipar Carolinan, AEBko Urakanen Zentro Nazionalak emandako informazioaren arabera.
Oraingoz, ekaitza ez da lehorrera heldu, beraz, ez du AEBn biktimarik eragin, ezta kalte material handirik ere.