Mundua -

Italia

Italiak gobernu berria du, eta Conte da berriro lehen ministroa

Honela, Matteo Salvini Barne ministro ohi eta Liga alderdiko buruzagia oposizioan dago hemendik aurrera; izan ere, Salvinik berak sortu zuen herrialdeak orain gainditu duen krisialdi politikoa.

Giuseppe Conte, berriro ere, Italiako lehen ministroa da. Argazkia: EFE.
Giuseppe Conte, berriro ere, Italiako lehen ministroa da. Argazkia: EFE.
Giuseppe Conte, berriro ere, Italiako lehen ministroa da. Argazkia: EFE.

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiak koalizio gobernua du dagoeneko; hain zuzen ere, Bost Izarren Mugimenduak (M5S) eta Alderdi Demokratak (PD) osatuko dute Gobernu berria. Astearte honetan, Senatuaren konfiantza erdietsi du, eta horixe zen inbestidura gauzatzeko azken urratsa; hortaz, herrialdeko krisiari amaiera eman diote, Giuseppe Conte da Italiako lehen ministroa berriro, eta badago beste exekutibo bat.

Gobernu berriak 169 senatariren aldeko botoak bereganatu ditu,  M5S, PD eta Askeak eta Berdinak alderdienak gehienak (azken horrek Osasun Ministerioa hartuko du bere gain); 133 senatarik, aldiz, kontrako botoa eman dute: Liga alderdi ultraeskuindarrekoek, Forza Italia alderdi kontserbadorekoek, eta Italiako Anaiak alderdi ultranazionalistakoek. Gainera, bost abstentzio izan dira.  

Horrela, Italiak amaiera eman dio abuztuan sortutako krisialdi politikoari. Liga alderdiko buruzagi eta Barne ministro ohi Matteo Salvinik sortu zuen krisialdi hori, baina, azkenean, Salvini izan da galtzaile nagusia, hemendik aurrera oposizioan izango baita.

Salvini, "harroputza"

Senatuan emandako hitzaldian, karguan errepikatzen duen Giuseppe Conte lehen ministroak kritikatu du Salvini "harroputza" izan zela, krisi hori abiatzeagatik; izan ere, Salvinik amaitutzat jo zuen M5Sk eta Ligak osatutako koalizio gobernua.

Gobernu berriak epe laburrean zer egingo duen Contek zehaztu du. Horren esanetan, familien eta enpresen zerga-presioa murriztuko dute, eta gazteak kontratatzea bultzatuko dute, gazteen langabezia-tasa egungo % 28,9tik behera jaisteko.

Halaber, Parlamentuak eutanasiaren gaineko legea onartzea proposatu du, baina onartu egin du gai hori ez dagoela M5Sren eta PDren programa politikoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Italiako albisteak